Puntako trenak izango dira

CAFek 12 unitate egingo ditu Aljerreko Metroarentzat

EP - Jueves, 27 de Julio de 2017 - Actualizado a las 18:26h

Instalaciones de la empresa vasca CAF.

Instalaciones de la empresa vasca CAF. (Foto: DEIA)

Galería Noticia

Instalaciones de la empresa vasca CAF.

CAF konpainiak sei kotxeko 12 unitate egingo ditu Aljerreko Metroari. Puntako trenak izango dira, INNEO metroen plataformari dagozkionak, CAFek diseinatuak eta fabrikatuak.

BILBO. Duela gutxi Erromako eta Bucaresteko metroei hornitu dizkien trenak hartu ditu CAFek oinarri. Trenen fabrikazioa martxan jarri berri da, Aljeriako Metroak joan den urtean CAF aukeratu ostean ibilgailu berrien hornitzaile gisa.

CAFek jakinarazi duenez, Aljerrek metro linea bat du, 2011. urtean inauguratua. Joan den urtean Haï El Badr-etik El Harrach-eko erdiguneraino doan lau kilometroko luzapena inauguratu zutenetik, 13,5 kilometroko luzera eta 13 geltoki ditu.

Gaur egun, sarea zabaltzeko lanak egiten ari dira. Horretarako, 1. lineako luzapen berriak eraiki dituzte eta gaur egun 14 unitatek eskaintzen dute zerbitzua. Haiek ere CAFek aurreko kontratu baten bidez hornitutakoak dira eta, urtero, 16 milioi bidaiari inguru garraiatzen dute.

CAFentzat Aljerian material mugigarria hornitzeko hirugarren proiektua izango da, Aljerreko Metrorako sinatutako kontratuaren eta 2005. urtean SNTF izeneko Aljeriako trenen sozietatearekin izenpetutakoaren ondoren (bidaiarien eskualdeko garraiora bideratutako 17 diesel-unitate autopropultsatu hornitzeko izan zen).

STOCKHOLM

Era berean, CAFek SL AB (Storstockholms Lokaltrafik) Stokcholm hiriko garraio sarearen enpresa arduradunarekin sinatu du Suediako hiribururako tranbien horniketa proiektua zabaltzea. Kontratuak zortzi unitate berri hornitzea biltzen du. Hirian dagoeneko martxan dauden CAFek fabrikatutako 22 unitaterekin egingo dute bat horiek.

Stockholm hiriak, garraio eredu iraunkorra eta eskaerara egokitua garatzeko programaren baitan, 2010. urtearen amaieran, CAFi 15 tranbia hornitzeko kontratua esleitu zion, eta ondoren, beste zazpi unitatera zabaldu zuen eskaria.

Solairu baxuko bi norabidetako unitateak dira, irisgarritasuna optimizatze aldera. URBOS plataformakoak dira eta hiru kotxez daude osatuta. Gutxi gorabehera, 221 bidaiariko edukiera eskaintzen dute. Era berean, dagoeneko hornitutako ibilgailuen antzera, Eskandinaviako muturreko klimatologia baldintzetara bereziki egokituta daude. Tranbiak oso ekipamendu aurreratua du erosotasun eta segurtasun gaietan.

Kontratu hau "oso garrantzitsua" da CAFentzat, Suediako operadoreak enpresarengan "konfiantza" erakusten duelako, "eskakizun handiak dituen merkatuan, garraio kolektiboa eta ingurumena oso faktore garrantzitsuak diren lekuan".

CAFek egingo dituen aipatutako bi proiektu berri horien zenbatekoak, orotara, 120 milioi euroak gaindituko ditu.

CAFeko tranbiak "erreferentzia" dira nazioarteko merkatuan, eta mundu osoan hainbat hiritan daude martxan besteak beste, Budapest, Edinburgo, Belgrado, Kaohsiung, Friburgo, Besançon, Nantes, Houston, Cincinnati, Birmingham edo Sidney hirietan.