Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

100 urte, 11 istorio

Martin Joxe Mayora, beartzundarra gerra aitzinean hasi zen kontrabandoan
Gernikako bonbardaketaren lekuko izan zen;Hitlerren soldaduekin topo egin zuen muga ondoko belaian

Fermin Erbiti - Viernes, 28 de Julio de 2017 - Actualizado a las 06:10h

Martin Joxe Mayora eta Maritxu Istilart emaztea. Atzean, lerro hauen egilea eta solasaldian parte hartu zuen Isabel Irisarri.

Martin Joxe Mayora eta Maritxu Istilart emaztea. Atzean, lerro hauen egilea eta solasaldian parte hartu zuen Isabel Irisarri. (FERMIN ERBITI)

Galería Noticia

  • Martin Joxe Mayora eta Maritxu Istilart emaztea. Atzean, lerro hauen egilea eta solasaldian parte hartu zuen Isabel Irisarri.

elizondo- Azken urteotan, gure aitatxi zenaren ibileren peskizan aritu naiz, paper zaharrak-eta arakatuz, epaitegietako artxibokoak batez ere. Horretan ari nintzela, batzuetan filmetan-eta ikusten dugun denbora-makina etorri zait gogora. Izan ere, nik ere gustura eginen nuke holako bidaiaren bat, denboran atzera, gure aitatxi zenarekin solasean aritzeko. Pare bat ordurekin aski li-tzateke.

Aitatxi hil zelarik hamar urteko mutikoa nintzenez, ez nuen behar bezala ezagutu. Ondoren, handik eta hemendik jasotako testigantzek haren ibileretan sakontzera bultzatu ninduten. Garaiko lekukoengandik ez nuen informazio askorik jaso: “Utzi, utzi, gerrako kontuak oso tristeak dira-eta”. Orduan, epaitegietako artxiboetara jo nuen, hortik zerbait aterako nuelakoan.

Halaxe izan zen. Aise aurkitu nuen 1937an aitatxi kartzelara eraman zuen espedientea, Tribunal de Responsabilidades Políticas izenekoak zabaldua. Alkozko Martixeneko nagusia da protagonista: Pedro Erbiti, 41 urteko kontrabandista, Toribia Beramendi irurtzundarrarekin ezkondua eta bederatzi seme-alaben aita.

Hauxe da paper horien laburpena: lau urteko kartzela aldia eta 100.000 pezetako isuna, dirutza garai hartan. Horrez gain, ondasun guztiak kendurik eta familia deseginda: bost anaietatik bi kartzelara eta beste bi erbestera. Emaztea eta alaba zaharrena ere atxilo harturik… eta beste zortzi seme-alaba etxean.

Kontua da paper horiek asegaitz utzi nindutela, jakin-mina handitu besterik ez bai-tzidaten egin, erantzunik gabeko galdera sorta handia airean utziz. (Berdintsu gertatu zait Fernando Mikelarenak gerra garaiko kontrabandistez argitaratu berri duen liburu interesgarriarekin).

Horregatik, biziki poztu ninduen martxoan Elizondoko Beartzun auzotik jaso nuen deiak. Antzanbordaundiko alaba nuen telefonoan. 100 urteko aitaren izenean ari zen. Gizonak nirekin hitz egin nahi zuen, gerra aitzineko urteetan kontrabando-giroan ezagutu zuen gure aitatxiren ibilerez.

Zer esanik ez dago: handik gutxira, Antzanbordaundiko atean nintzen, Nafarroa bitan banatzen duen mugatik metro gutxira. Grabagailua prest, noski, solasaldia gordetzeko asmoz.

Baztandarrak gerra aitzineko kontrabandisten giroaz hitz egin zidan;gure aitatxi buru zuen taldeak Elbeteko Berekoetxean eginiko bilera eta negozioez. Gerra garaia ere hizpide izan genuen. Izan ere, Martin Joxe 1936an soldadutzara joan eta gerrara eraman zuten. Gorputzean dituen metraila zati batzuk ekarri zituen opari. Hori eta sekula atzendu ez duen irudia: ondoko mendi batetik ikusi zuen Gernikako bonbardaketa ikaragarria.

Francorengandik ihesi Beartzundik muga zeharkatzen zutenen neke eta penak ere gogoratu zituen, haiei laguntzen aritu baitzen hain ongi ezagu-tzen zuen mugako bidean. Egun haietatik badu iltzaturik geratu zaion beste irudi bat: ama gazte bat leherturik, petxuko haurra eskuetan duela, aitzina egiteko indarrik gabe. Martin Joxek haurra eskuetan harturik egin zuen Alduderainoko bidea.

Errazionamendua eta goseaz ere mintzatu zitzaidan;eta bigarren mundu gerraz, noski. Izan ere, Martin Joxeren ardiak muga ondoko belaian goxo-goxo ziren egun batean bisita berezia jaso zuten: Frantzia hartua zuten Hitlerren soldaduena. Kankailu ilehori haiek oihuka hasi eta beartzundarra harriturik begiratzen zien. Ideiarik ere ez zertaz ari ziren, baina intentzio onik ez zutela sumatuz…

Gozatu egin nuen Antzanbordaundira eginiko bisitan. Zenbat istorio interesgarri! Eta zer plazera lekuko baten ahotik jaso-tzea!

Martin Joxe Mayora: 100 urteko nekazari baztandarra, mugako gizona, gure aitatxirekin kontrabandoan ibilia. Plazer bat izan da zu ezagutzea. Esker mile!

Herramientas de Contenido