Argazkilaritza

Trantsizioen bideetatik

Abuztuaren 30etik urriaren 1era arte ospatuko da aurten Getxophoto jaialdia. ‘Trantsizioak’ izenburupean, globalizazioaren eraginetan sakontzen duten mundu osoko artisten lanak izango dira ikusgai

Julene Larrañaga - 2017(e)ko uztailaren 30a, igandea - 12:20etan eguneratua

Nobukho Nqaba, Tania Franco eta Monica Alcazar-Duarteren lanak jaialdian izango dira.

Nobukho Nqaba, Tania Franco eta Monica Alcazar-Duarteren lanak jaialdian izango dira. (GETXOPHOTO)

Galería Noticia

Nobukho Nqaba, Tania Franco eta Monica Alcazar-Duarteren lanak jaialdian izango dira.

Beste urte batez, Getxoko kaleak argazki erraldoiez beteko dira Getxophoto jaialdiaren baitan. Aurten, abuztuaren 30etik urriaren 1era egingo da jaialdia, bere hamaikagarren edizioan. Aurreko edizioen ildo berari jarraituz, ohikoak ez diren erakustokietan aurkeztuko dira aukeraturiko argazkiak: Ereagako hondartzatik Portu Zaharrera doan bidean, Algorta erdiguneko hainbat aretotan eta Punta Begoñan, besteak beste. Aurreko edizioetan bezala, Begi Handi talde getxotarrak antolatzen duen jaialdiak Getxoko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso du.

Badakar berritasunik aurtengo edizioak. Orain arte erabilitako Getxophoto izena alboratu eta aurrerantzean Nazioarteko Irudiaren Jaialdia deituko dela da nobedade aipagarriena. Horrez gain, aurten komisario edo zuzendari artistiko berria izango du jaialdiak: Sunday Times Magazine aldizkariaren editore grafiko izandako Monica Allende bilbotarrak hartuko du ardura hori. Komisario berriaren eskutik, narrazio mota berriak, plataforma transmediak eta ikus-en-tzunezkoak erakutsiko ditu jaialdiak aurten.

GLOBALIZAZIOAZ Trantsizioak da aurten jaialdia osatzeko aukeraturiko gaia. Allendek honela arrazoitu du aukeraketa: “Gaur egungo mundu globalizatuan aldaketa handiak ematen ari dira bizitzaren hainbat esparrutan. Ezjakintasunez betetako garaia bizi dugu, ez dakigu guzti honek nora eramango gaituen, eta badago halako ezinegon bat. Globalizazioak munduari onurak ekarri dizkio, baina ezin dugu ukatu jende asko bazterrean ere utzi duela. Aurtengo edizioak guzti honi egin nahi dio erreferentzia: globalizazioak eragindako ondorioei, hain zuzen. Horretarako, ingurumena, teknologia berriak, elikadura eta turismoa bezalako ardatzak jorratuko dira”, aurreratu du komisario berriak.

Guztira, mundu osoko 20 lan inguru aukeratu dira. Italia, Mexiko, Ekuador, Iran, Britainia Handia eta Holandako artista gazteen lanak batu dira, besteak beste. Dena den, urrunagotik datozen artisten piezak ere izango dira ikusgai.

Horietako bat Nobukho Nqaba artista hegoafrikarraren obra da. Plastikozko poltsez inguratuta aurkeztu du bere burua argazkietan. Bere esanetan, “berez beste munduko esanahirik ez duten poltsa horiek globalizazioaren eta mundu mailako migrazioaren ikur bilakatu dira”. Nqabak berak bere azalean bizi izan duen migrazioaren ikur dira poltsa horiek artistarentzat, eta horregatik beraiekiko “maitasun-gorroto” harreman bat duela aitortzen du: “Nire haurtzaroa eta etxea gogorarazten didate, baina, era berean, borroka eta biziraupena ere isla-tzen dute”.

Monica Alcazar-Duartek Marte izeneko Ameriketako Estatu Batuetako fikziozko herrixka batean jasotako argazkiekin osatu du bere The new colonists bilduma. Datozen urteetan gizakiak espaziora egingo dituen bidaiak aitzakiatzat hartuz, giza kondizioaz eta teknologiak hartu beharreko norabideaz gogoeta egin du argazkilariak. Tania Francok, bere aldetik, gure gizartean nagusitzen diren ideologia, etnia edo erlijioetatik aldentzen den orok gure bizitza lasaia aztoratzen digula salatu nahi izan du Pest Control lanean.

Erakusketez gain, formazioa izan da beti Getxophoto jaialdiaren ardatzetako bat. Hori horrela, eta erakusketek iraungo duten hilabetean zehar, formazioari loturiko hainbat ekimen antolatu dira. Horien artean daude aurten lehenengoz egingo diren sorkuntzarako laborategi esperimental bi. Biek ala biek argitalpenetan jarriko dute arreta, eta argazki-liburuetan aditua den Yumi Goto japoniarra eta Juanan Requera izango dira arduradunak. Abuztuaren amaieran eta irail hasieran izango dira bi saioak.

Aurtengo nobedadeen artean dago Hamaiketako ekimena ere. Kasu honetan, Txelu Angoitia eta Vicente Paredes argazkilariekin eta Conny Beyreuther editore grafikoarekin hitzorduak izango dira. Urtero egiten diren hainbat ekintza mantendu egingo dira aurten ere, ohiko Itxialdia, edalontzi-azpikoen ibilbidea, gaueko bisitak eta Photowalk-a, besteak beste. Egitarau osoa ikusgai da ondorengo helbidean: www.getxophoto.com.