Cañizaresek eta Nafarroako Orkestrak Flamenko on Fire Jaialdiari hasiera emango diote Baluarten abuztuaren 22an

Baluarte.com - Martes, 1 de Agosto de 2017 - Actualizado a las 21:36h

Flamenco on Fire Jaialdia Iruñean hasteko geroz eta egun gutxiago falta dira;Baluarten Jaialdiak eskainiko duen lehenengo hitzordua abuztuaren 22an izango da, Cañizares gitarra-jole flamenkoaren eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren eskutik gitarra eta orkestrarako Al-Andalus kontzertua hain zuzen ere, Paco de Lucíaren oroimenez. Emanaldia egungo orkestra maisu espainiar entzutetsuenetarikoa den José Antonio Montaño madrildarrak zuzenduko du, gaueko 21.00etan Areto Nagusian. Baluarte Fundazioak antolatutako kontzertu hontarako sarrerak 25, 30 eta 35 eurotan ohiko kanaletan eskura daitezke: Baluarteko webgunean (www.baluarte.com), txartel-leihatilan eta 902 15 00 25 telefonoan.

Juan Manuel Cañizaresen azkeneko konposizioa berezi-berezia da, sakona eta sentitua. Senez eta berez senideturik ageri zaizkigu musika klasikoa eta flamenkoa. Halako senidetze jasoa da, eta horren eraginez, badirudi bi arlo horiek elkar besarkaturik daudela eta iturri beretik edaten dutela. Adiskide baten heriotzak eragindako oinaze gorritik sorrarazitako lana da baina, aldi berean, biek elkarrekin ondutako barne eta arte esperientziatik, kontzertuaren hirugarren mugimenduan bikain ageri den bezala. Paco de Lucíaren heriotzak eragindako atsekabean ernamuindu da Al-Andalus;izan ere bi adiskide minak elkarrekin aritu baitziren lanean hamar urtez. Eta horren ondorioz, sorkuntza prozesua bide mingarri eta neketsua izan da, bigarren mugimenduak era bereziki deskriptiboan jaso duen bezala: hots, hileta martxa bat da, buleria baten airearekin kontraste ederrean. Eta nahigabetik kontsolamendura. Bigarren eta hirugarren mugimenduen arteko zubia egiteko darabilen kadentziaren taranta Cadizko tangilloen erritmora eraldatzen da. Kontzertuaren azken pasarte horretan, Cañizaresek bere maisu eta adiskidea dauka gogoan, haren konposizio ezagunenetako batzuei keinu eginez. Izan ere, Paco de Lucíak nota bakoitzean zeharkatzen du Al-Andalus, Cañizaresek berezkoa duen baltsamo finak gidaturik.