Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Gobernuak bikoiztu egin du mendeko adinekoentzat eguneko zentroetako plazen eskaintza, eta lurralde osora zabaldu du

Horrez gain, Bizimodu Independentearen Bulegoaren kudeaketa kontratatzeko prozesua abian jarri du;hots, dibertsitate funtzionala duten pertsonen autonomia sustatzekoa eta bultzatzekoa

navarra.es - Martes, 1 de Agosto de 2017 - Actualizado a las 15:07h

Nafarroako Gobernuak eguneko zentroetan 140 plaza publiko eskaini nahi ditu mendeko adineko pertsonentzat;era horretan, bikoiztu egingo ditu egungo 72 plaza, guztiak ere Iruñean eta eskualdean daudenak, eta, Nafarroako lurralde-eremu osora zabalduko ditu. Horrela azaldu dute Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren (PAGNA) zuzendari kudeatzaile Ines Francesek. Halaber, eguneko zentroaren zerbitzuak emango dituzten enpresak hautatzea eraenduko duen esparru-akordioa aurkeztu dute.

Dokumentua Nafarroako Gobernuaren kontratazio-atarian argitaratu da, eta abuztuaren 29ra bitarte aurkeztu ahal izango dira parte hartzeko eskaerak eta eskaintzak. Zentro horietan ematen diren zerbitzuen bidez ezintasuna edo horrek aurrera egitea prebenitu nahi da, harreman sozialak bultzatu eta senitartekoak babestu eta trebatu zaintzearen inguruan.

Era horretan, honako hauek jorratzen dituzte: osasun-arloko zaintza orokorrak, errehabilitazioa edo mantentze funtzionala, estimulazio kognitiboa, eguneroko bizimoduko jardueretarako gaikuntza, jarduera okupazionalak, eta horiek guztiak arreta eskaintzeko ikuspegi integraletik begiratuta. Akordio honen bitartez, parte hartu nahi duten erakundeek PAGNAren esku jarriko dute nahi duten plaza-kopurua, eta erabiltzaileek hautatuko dute zein zentrora joan nahi duten. Hautapen horrek bi baldintza izango ditu: plaza egotea eta bertara joateko behar den denbora, hots, ordubetetik gorakoa ez izatea.

Aipatu behar da, egun, Nafarroak eguneko 10 zentro baimendu daudela eta horietako bat publikoa dela. Gainerakoetan, soilik hiruk dituzte plaza hitzartuak PAGNArekin, eta hiruak Iruñean eta Eskualdean kokatzen dira. Zehazki, orain arte 72 plaza publiko eta hitzartu zeuden: 15 publiko El Vergel zentroan, eta 57 hitzartu: 30 Landazábal egoitzan, 20 La Vaguadan eta 7 Aita Menni Klinikan. Akordio honi esker, eta duela gutxi ere 5 plaza publiko jarrita El Vergel zentroan, plazen eskaintza publikoa 140 plazakoa izatea nahi da: 20 plaza publiko eta 120 hitzartu, eskaintza lurralde osora zabalduaz. Berrikuntza gisa, pertsonek zerbitzura joatea malgutu eta haien premietara egokitu dezaten, eguneko zentrora bi egunetik behin eta egun osorako joateko aukera eskainiko zaie edo egun erdiko egonaldiak ere bai. Halaber, kontuan izango da aldi baterako eta/edo familiaren atsedenerako egonaldiak eskaintzea. Akordioa lau urtekoa izango da, guztira 8.2 milioi eurokoa. Plaza bakoitzeko lizitazio-modulua hilabeteko 1.027 eurokoa da eta 1.187 eurokoa garraio eta guzti.

Bizimodu Independentearen Bulegoa

Horrez gain, Laparra lehendakariordeak iragarri du Bizimodu Independentearen Bulegoaren (BIB) kudeaketa kontratatzeko prozedura abian jarriko dutela;hau da, dibertsitate funtzionala duten pertsonei ahalik eta autonomia-mailarik handiena lortzen laguntzeko instrumentua. Prozedura hori irabazi asmorik gabeko erakundeentzat da. Gogoratu behar da eskubide sozialen eremuko zerbitzuen katalogoan prestazio ekonomikoa eskaintzen dela laguntzaile pertsonal bat kontratatzeko, pertsona horiei laguntze aldera bakarrik egin ezin ditzaketen jarduerak egiten, eta, betiere, mugak dituen pertsonak erabaki eta hautatuko ditu zer-nolako jarduerak eta nola eta noiz egin nahi dituen.

Prestazio hori eskuratzeko, beharrezkoa da bizimodu independentearen banako plana egitea. Bizimodu Independentearen Bulegoaren funtzioen artean aurkitzen da, hain zuzen ere, bizimodu independentearen banako plana egitea eta berrikustea eta PAGNAra bidaltzea, mendeko pertsonaren laguntzaile pertsonalerako laguntza ekonomikoa izapidetzearren. Horrez gain, honako hauek egiteaz arduratzen da: laguntzaile pertsonalentzako enplegu-poltsaren kudeaketa (sarrera, koordinazioa eta segimendua);kontratazioaren inguruko administrazio-izapideak;bizimodu independentearen filosofiari eta proiektuari buruzko informazioa ematea, orientatzea eta aholkularitza eskaintzea;eremu horretan sentsibilizatzea, erabiltzaileei nahiz ingurunekoei eta laguntzaile pertsonalei prestakuntza eskainiaz;aldizkako bilera presentzialak;gomendioen edo hedapen eta prestakuntzaren inguruko dokumentuak, erabiltzaileentzat, profesionalentzat, laguntzaileentzat edo instituzioentzat.

BIB Iruñeko edo eskualdeko lokal batean kokatuko da, eta horren onuradun mendeko pertsonak izango dira. Kontratua gauzatzeko epea irailaren 1ean hasi eta 2018ko azaroaren 30ean amaituko da. Edonola ere, urtero luzatu ahal izango da, eta gehienez 3 urtekoa izango da. Urteko aurrekontua 88.458 eurokoa da. Lizitazio-prozesuan parte hartzeko epea abuztuaren 11n amaitzen da

Herramientas de Contenido

Últimas Noticias Multimedia