Askatasun egarriz Saharan

Josu Jimenez Maia. Idazlea - Miércoles, 2 de Agosto de 2017 - Actualizado a las 06:09h

Saharako errefuxiatu-kanpamentuetatik etorritako Galia neskatoa ederki gogoratzen dut Hendaiako hondartzan, “I’m thirsty” zioen kamiseta bat jantzita, “Egarri naiz” alegia. Paradoxikoa zen arren, Euskal Herrian zela, ez zen ez gose, ez egarri;ez Iparraldean, ez Hegoaldeko gure etxean. Errefuxiatu jaio zen Galia Balal Mohamed neskatoa, eta Oporraldia Bakean programari esker, azken bost udak gure etxean eman ditu;aurten, baina, jadanik ez da etorri, programak ezarritako adin-epea bukatuta, eta orain Hendaiako hondartza hutsik dago, Berriozarko gure etxea bezain hutsik.

Galia neskatoarekin batera, 170.000 saharar inguru bizi dira errefuxiatu Argeliak utzitako hamadan, basamortuaren basamortuan, oso bizi-baldintza gogorretan... Udako egunotan, 50 graduko tenperatura baino gehiago izanik, Galiak kontatzen digu egunez ia-ia ez dutela deus egiterik, eta haiman egoten direla erdi-lo;iluntzean hasten dira berpizten.

Baina, hala eta guztiz ere, Marokok okupatutako Mendebaldeko Saharan bizi diren sahararrak ez daude hobe;Marokoren agindupeko Saharan giza-eskubideen urraketa eguneroko kontua da, eta Gdeim Izik Duintasunaren kanpamentuaren auzian frogatu berri denez, 24 sahararren aurka ebatzitako zigorrak guztiz neurriz kanpokoak izan dira, hainbat kasutan bizi bitarteko espetxe zigorra ezarri zaielarik.

Galia neskatoak janzten zuen kamisetak “Egarri naiz” zioen. Izan ere, Saharako Herria egarri da, askatasun egarri.