Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Eskubide Sozialak adinekoentzako 14 plaza hitzartu ditu Otxagabiako udal-egoitzan

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren eta Otxagabiako Udalaren arteko hitzarmenaren kostua gutxi gorabehera 1.3 milioi eurokoa izango da datozen lau urtetarako

Jueves, 3 de Agosto de 2017 - Actualizado a las 20:41h

Nafarroako Gobernuak onartu berri du Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren (Eskubide Sozialetako Departamentuaren mendekoa) eta Otxagabiako Udalaren artean hitzarmena egitea, herriko Valle de Salazar (Zaraitzu) egoitzan adinekoak artatzeko 14 plaza hitzartzeko. Zentroarekin egindako azken hitzarmen publikoa 2013ko abenduaren 31n amaitu zen. Halaber, plaza publikoen estaldura handiagoa eman nahi zaio ipar-ekialdeko zonari, Nafarroa osoan estaldura gutxien duena izateagatik (%0,86 Nafarroako %1,86ko batez bestekoaren aurrean).

Valle de Salazar egoitzak 34 egoitza-plaza ditu mendeko eta mendekoak ez diren pertsonentzat eta 10 plaza eguneko egonaldirako. Hitzarmen honen bitartez, Nafarroako Gobernuak horietako 14 (%41) hitzartuko ditu, mendeko pertsonek eguneroko bizimoduko jarduerak egiteko eta mendekoak ez diren pertsonek, 65 urtetik gorakoak (edo adin horren ingurukoak) eta behar bezala baloratuak, esku-hartze psikosozialeko premia bereziak dituztenak, okupatzeko.

Hitzarmenaren xedea da hitzarmen-eredu berri batean aurrera egitea;eredu hori jorratzen ari da Eskubide Sozialetako Departamentua.

Berrikuntzak

Berrikuntza gisa, ondorengoak nabarmendu behar dira:

1. Aipatu hitzarmenean, mendeko plazen eta mendekoak ez direnen plazen arteko proportzioa malgutzeko aukera ikusten da, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren premien arabera. Orain arte, mendekoentzako eta ez mendekoentzako plazen kopurua finkoa zen hitzarmenaren denboraldi osoan, eta, beraz, batzuetan zaila izaten zen plaza horiek beharrezko eskaerara egokitzea.

2. Plaza erreserbatzeko denbora 30 egunera jaitsi denez, sistema eraginkorragoa da. Erreserba-denboraldia da, plaza okupatu gabe egonda ere, Nafarroako Gobernuak hitzartutako plazaren kostua ordaintzen jarraitzen duen denbora.

3. Argi eta garbi bereizten dira zaintza pertsonalak eskaintzen dituzten langileen funtzioak eta zerbitzu orokorretako langileenak;hori dela-eta, egoitzan dauden pertsonen arretaren kalitatea askoz hobea da.

4. Inbertsioei dagokienez, moduluan zenbateko bat sartu da amortizazioa bezala.

5. Gainera, hitzarmenaren arabera, segimendu-batzordea sortuko da, eta honako hauek osatuko dute: PAGNAko bi teknikarik, egoitzako bi profesionalek, erakundeko bi arduradunek eta erabiltzaileen edo familien bi ordezkarik. Batzordea tarteka bilduko da erabiltzaileen arreta kalitatezkoa izateko lan-ildoak ezartzearren. Batzorde horren bitartez (egun dagoen Parte-hartze Kontseilutik independentea), Nafarroako Gobernuak arretaren kalitatearen etengabeko jarraipena egin ahal izango du, zuzeneko presentzia duen neurrian, orain arte ez baitzegoen horrelakorik Parte hartzeko Kontseiluetan.

6.- Pertsonengan oinarrituriko arreta-eredua eta genero-klausulak sartzea hitzarmen honetan jasotzen diren beste bi aurrerapen garrantzitsu dira.

Eskubide Sozialetako lehendakariordea den Miguel Laparrak oso positibotzat jo du akordioa;izan ere, "baliabideen eraginkortasuna ez ezik, adinekoak artatzeko kalitatea ere hobetu egingo da, instalazioak mantendu eta egokitu ahal izango dira, zerbitzua gertuagotik jarraituko da, eta adinekoen premien benetako eskaerara egokituko da".

Hitzarmena urtero luzatu ahal izango da, gehienez ere lau urtez;hots, 2021. urte arte.

Mendeko pertsonentzat okupatutako plaza bakoitzeko prezioa 1.905,33 eurokoa izango da eta mendeko ez pertsonentzat hileko 1.270,25 eurokoa.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziarentzat hitzarmenaren kostua gutxi gorabehera, egin daitezkeen aldaketak eta guzti, 1.315.745,84 eurokoa izango da (BEZ salbuetsita) lau urteko denboraldirako.

Últimas Noticias Multimedia