Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Irrintzi erdia

Memoria bat

julen azcona - Jueves, 3 de Agosto de 2017 - Actualizado a las 06:09h

Galería Noticia

Emaidazu erabil dezakedan memoria bat;ohe azpian utz ezazu joan baino lehen. Zer oroitzapen den, ez du axola;zazpi egun dituzu bat hautatzeko eta ez da luze izan behar, soilik bi, hiru, lau segundo, irribarre bat argizko herensuge batek sortua, oilo ipurdi sentsazioa, pozak eragindako malkoak. Bat hautatu eta poltsikoan gordeko dut. Ez kezkatu;seguru egongo da nirekin, zin egiten dizut, eta orain joan zaitez mundua esploratzera, Australiara kanguruekin edo Alemaniara zure espeziekoekin, gazte galduekin, bostetan tea hartzen dutenen hizkuntza praktikatzera edota eguzkia ateratzen denetik sartzen den arte fabrika batetan lan egitera. Ez kezkatu;abuztuaren lehen igandearen aurreko ostiral bakoitzean eman didazun memoria bera poltsikotik aterako dut eta erabiliko dut, eta berdin izango du non zauden, zer egiten ari zaren, norekin ari zaren hizketan eta zein hizkuntzatan: abuztuaren lehen igandearen aurreko ostiral bakoitzean hautatu duzun irribarre hori edo oilo ipurdi hori edota malko horiek erabiliko ditut eta zurekin sentituko dituzu, eta algara eta pozamena gazte zinenean bezala izango da, familiarekin kantaz-kanta eta kuadrillarekin juergaz-juerga. Ez kezkatu;oroitzapena zurekin egongo da beti, berdin dio bizitzak nora eramaten zaituen. Ez kezkatu eta lasai egon. Bidaiatu trankil. Mundua esploratu.

Herramientas de Contenido