Euskadiko Orkestrak denboraldi berrian 10 kontzertu eskainiko ditu Baluarten

Domingo, 6 de Agosto de 2017 - Actualizado a las 20:30h

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak 2017/2018 Denboraldian hamar kontzertu eskainiko ditu Baluarten, urriaren 17tik ekainaren 19ra. Zirrara kontzentratua lelopean, Orkestrak Robert Treviño zuzendari titular izango duen estreinako denboraldia izango da, "denboraldi ikusgarria, magikoa, zirraragarria eta orotako ikusleei irekia". Sarrerak 10 eta 35 euro bitartean Baluarteko txartel-leihatilan, www.baluarte.com web gunean eta 902 15 00 25 zenbakian eskura daitezke.

Gainera, leihatilan prezio bereziak ere badaude 30 urtetik beherakoentzat, 65 urtetik gorakoentzat eta langabeentzat. Eta Denboraldi berri honen baitan estreinekoz, Azken Ordu Gaztea sarrerak, aretoko gune guztietan, 10 eurotan, 30 urtetik beherakoentzat, kontzertua hasi baino 30 minutu lehenagotik txartel-leihatilan. Robert Treviñoren ekarpen nabarmenaz gain, gurera etorriko dira Lawrence Foster, José Miguel Pérez-Sierra, Andrey Boreyko eta Clemens Schuldt zuzendariak;eta bakarlarien artean ere, izen gailenak izango ditugu: Joaquín Achúcarro, Nikolai Lugansky, Håkan Hardenberger, Frank Peter Zimmermann, Simone Lamsma, Dmtri Mahtin, Ivan Monighetti, Elena Sánchez-Pereg eta Miren Urbieta-Vega.

Abesbatzarako musikak ere izango du bere lekua, Iruñeko Orfeoiaren eta Donostiako Orfeoiaren eskutik. Musika sinfonikoa handia ezagutzera emateaz aparte, Robert Treviñok diseinatutako denboraldiak erresistentzia, gatazka eta adiskidetzea bezalako kontzeptuak ditu hizpide, Britten eta Xostakovitxen musika bizipenak aintzat hartuta. Errusiar Iraultzaren mendeurrena denboraldiko argudio nagusienetako bat izango da. Treviñok aurkeztuko ditu, halaber, Beethoven, Mahler, Prokofiev edo Verdi, denboraldia itxiko duena. Aukeratutako errepertorioa azpimarragarriak dira baita ere Debussy, Chausson, Lutoslawsky eta Straussen lanak. Eta Iñaki Estrada eta Ramon Lazkanorenak ere bai.