‘Omenaldia Camaróni’ Pedro ‘El Granaíno’ eta Duquenderen eskutik abuztuaren 23an

Domingo, 6 de Agosto de 2017 - Actualizado a las 20:37h

Camarón de la Islaren heriotzaren 25. urteurrena betetzen den honetan, Flamenco on Fire Jaialdiak Maisua gogora ekarriko du. Zehazki, Jaialdiak Baluarten eskainiko duen bigarren hitzorduan, abuztuaren 23an, Pedro Heredia ‘El Granaíno’ artistak eta Duquendek Omenaldia Camaróni egingo diote. Biak dira Camaronen eskolako erreferentziarik garrantzitsuenetako bi gaur egun.Horrela, flamenkoko metalik dirdiratsuenak batu egin dira haien Maisu handia omentzeko, errespeturik sakonena eta mirespenik benazkoena oinarri harturik.

Beren ikuspegi eta estiloan oinarriturik, oihartzun urratuekin ekarriko dizkigute Genio de la Islaren lanik esanguratsuenak. Gainera, ikuskizunari balioa eta sinbolismoa erantsita, bi artista adierazgarri arituko dira lankidetzan: Guadiana, hau da, Camarónekin askotan agertokian aritutako cantaorea, eta Luis Monge, Maisuaren seme zaharrena. Baluarte Fundazioak antolatutako kontzertu hontarako sarrerak 25, 30 eta 35 eurotan ohiko kanaletan eskura daitezke: Baluarteko webgunean (www.baluarte.com), txartel-leihatilan eta 902 15 00 25 telefonoan.

Ahots handi horiek Paco Heredia, Antonio Luque Espejo eta Patrocinio Semearen gitarrak izanen dituzte bidelagun. ‘Los Mellis’ txalo jotzen eta koroak egiten arituko dira Camarónen kantu mitikoetan. Paco Vega eta Cristian de Moret omenaldiaren taupadak eta erritmoa izanen dira. Horra, beraz, maisuaren lanak ederki ezagutzen dituzten musikari bikainak, Camarónen omenez eta haren funtsa biziberritzeko. Finean, flamenkoari oparitu zizkion doinu gogoangarriak, haren ikasle fidelenen eskutik.