Carmen Linares, Arcángel eta Marina Herediaren ahotsek Baluarten bat egingo dute abuztuaren 24an

BALUARTE.COM - Lunes, 7 de Agosto de 2017 - Actualizado a las 22:19h

Egun flamenkoaren hiru figura handi diren Carmen Linaresek, Arcángelek eta Marina Herediak bere ahotsak Baluarten elkartuko dituzte abuztuaren 24an, ostegunarekin, Flamenco on Fire Jaialdiak Iruñeko auditoriumean eskaintzen duen hirugarren hitzorduan. Tempo de Luz kontzertuak flamenkoaren errepertoriorik argitsuena ekarriko du, flamenko sustraidunetik proposamen berritzaileenetaraino barnebiltzen duena. Baluarteko Areto Nagusian gaueko 21.00etan hasiko den emanaldirako sarrerak 25, 30 eta 35 eurotan ohiko kanaletan eskura daitezke: Baluarteko webgunean (www.baluarte.com), txartel-leihatilan eta 902 15 00 25 telefonoan.

Carmen Linaresen ahotsa, ñabarduraz eta musikaltasunez betea, eta bere-berea duen estiloa, moldagarria oso. Horri esker artistak arte flamenkoaren aukera agortezinak erakutsi ditu. Adierazpide berrien bila dabil etengabe, jakintza handia du eta errepertorio zabala;horren ondorioz, harena arte aberasgarria da, cante jondoa ganbera-taldeekin eta orkestra sinfonikoekin uztartzeko gauza dena.

Adituen esanetan, Arcángel flamenko garaikideko figurarik bikainetako bat da, nortasun eta sormen handiko artista, kantu flamenkoa sehaskatik bertatik bizi izan duena. Generoaren konpositorea eta dinamizatzailea, muntako kantaria izateaz gain, flamenkoa ulertzeko duen modu horrek ederki erakusten du naturaltasunez bizi direla harengan jondoaren sustraiaren ezagutza eta errespetu sakona nahiz bide berriak urratzeko interes etengabea, arte flamenkoak aurrera egin dezan.

Marina Heredia aldi berean gozoa eta urratzailea da;gustu ona eta ñabardurak, generorik eta etiketarik gabeko musika. Albaicingo edertasuna dario, bai eta haur isekariaren airea eta emakume zentzudunaren eitea ere;bere-berea du ahotsa, eta ahots horren oihartzunek arima zeharkatzen dute. Tarantoak edo runbak izan, abestiak edo tangoak izan, harengandik ateratzen den gauza oro edertasunaren zoko ilunean bizi da, non bakar batzuk soilik baitira haraino barnerako gauza.

Últimas Noticias Multimedia