Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

DIRUA JASOTZEKO, gutxieneko puntuazioa (100etik 50)

Foru Aldundiak 120.000 eurorekin Gipuzkoako 36 udalerri lagunduko ditu partaidetza prozesuetan

Udalerri bakoitzak proiektu bakarra aurkez zezakeen

EP - 2017(e)ko abuztuaren 13a, igandea - 12:04etan eguneratua

Gipuzkoako Foru Aldundiak 120.000 eurotako diru-laguntza emango dizkie Gipuzkoako 36 herritan egitekoak diren partaidetzako beste horrenbeste proiekturi. Udalerri bakoitzak proiektu bakarra aurkez zezakeen, lehentasunak ezarri behar baitziren, eta 36 proiektuk lortu dute Foru Aldundiaren diru laguntza jaso ahal izateko gutxieneko puntuazioa (100etik 50), Aldundiak jakinarazi duenez.

DONOSTIA? Deialdi honen helburua da udal esparruan garatzen diren prozesu parte hartzaileak sustatzea, eta, horrela, bultzada bat ematea herritarrek berdintasunean arlo publikoa kudeatzeko eta hari buruzko erabakiak hartzeko eskubideari, eta, aldi berean, udalek partaidetza hori sustatzeko duten gaitasuna indartzea.

Urteroko diru laguntza horiek herri guztiei zuzenduak daude, haien tamaina dena dela. Izan ere, Imanol Lasak, Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak, adierazi duenez, "xedeetako bat herri txiki eta ertainek ere diru laguntza horiek lortzeko eskubidea bermatzea da".

Hori horrela, laguntzen ia bi heren zuzenduko zaizkie 10.000 biztanletik beherako udalerriei. "Deialdian 2.000 biztanletik beherako 13 herrik parte hartu dute, eta 37.580,97 euro jasoko dituzte guztira;2.000 eta 10.000 bitartekoak, berriz, 11 herri izan dira eta 41.209,52 euro jasoko dituzte proiektuak gauzatzeko", azaldu du Lasak. 10.000 biztanletik gorakoei dagokienez, 12 herrik parte hartu dute eta 41.209,52 euro jasoko dituzte beren proiektuetarako.

Horrez gain, udalerri txikiei lehentasuna ematen zaie, haientzat finantzaketaren gehieneko ehunekoa % 80koa izango baita;ertainentzat % 70koa, eta handientzat % 60koa. Proiektuen tipologiari dagokionez, horietako askok xede dute partaidetza modu integralean sustatzea, eta herritarrak barne hartzea herritarren parte hartzerako edo gobernu irekirako planak eta ordenantzak diseinatzean, edo udal aurrekontuak eratzean - esaterako Irunen, Urnietan, Hernanin, Pasaian, Abaltzisketan eta Orendainen.

HAINBAT ESPARRU

Gainerakoak herritarren partaidetzaren bidez osatu nahi diren proiektuak dira, hainbat esparrutakoak: Agenda 21, hirigintza proiektuak, hausnarketa estrategikoa, kultura eta gazteria, hondakinen kudeaketa, genero berdintasuna, mugikortasuna edo eredu turistikoa, esate baterako.

Adibidez, Bergaran, prozesuak kultura batzordea indartzeko balio izango du;Orion, berriz, herritarrek eta eragileek parte hartuko dute estalitako parke bat diseinatzean;Errenterian, Arramendi parkearen erabilerari buruzko erabakia hartuko dute;Azpeitian, Betharram eraikinaren fatxada aukeratuko da;Anoetan jaietan berdintasunez bizitzeari buruz sentsibilizatuko dituzte herritarrak;Altzon, parte hartzearen ardatz izango dira turismo bulegoa eta bertako produktuen denda abiaraztea;Itsasondon, landa bideen inbentarioa egingo da;Amezketan, eskolako eta liburutegiko sarrerak berrituko dira;eta, Antzuolan, Antzuola 2030 hausnarketa estrategikoa egingo da.

Lasak nabarmendu du prozesu horiek eragin positiboa izango dutela "herritarren bizitza kalitatean, eta ardatz izango dituztela ekimen zehatzak eta interesekoak, zeinak lagungarri izango diren partaidetza lan tresna gisa normalizatzeko eta zabaltzeko, politika publikoak indartu, legitimatu eta eraginkorragoak egiteko orduan;eta, era berean, partaidetzak lotura komunitarioak eta kolektiboak indartzen dituela indibidualismoaren mehatxuaren aurrean".

Diputatuak garrantzitsutzat jo du euskal erakundeak gobernantza eredu berri baten alde egiten ari diren apustua, eta azpimarratu egin du eredu horren barruan udalek duten garrantzia, herritarrengandik gertuen dagoen maila instituzionala diren aldetik. "Gertutasun hori dela eta, gakoa dira herritarrekiko harreman irekia finkatzeko eta parte hartzeko eta komunikatzeko bide berriak irekitzeko. Haiekin izandako elkarlana bizia da bereziki herritarren partaidetzaren esparruan".

Zentzu horretan, gogorarazi du zein eginkizun izango duen berriki sortutako Herritarren Partaidetzako Gipuzkoako Erakunde arteko Guneak, zeinak biltzen dituen lurraldeko udalak eta tokiko erakundeak. Hurrengo urtetik aurrera, organo horrek kudeatuko ditu diru laguntza hauek, elkarlanean.

Herramientas de Contenido