Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Zaunkak

Por Karmele Jaio - Lunes, 14 de Agosto de 2017 - Actualizado a las 06:10h

Auzokoaren txakurraren zaunkek harekin dugun harremanaren arabera gogaitzen gaituzte. Hau da, harreman ona baldin badaukagu auzokoarekin, txakurraren zaunkek eta alarauek ez gaituzte hainbeste molestatuko;baina harreman txarra baldin badaukagu, aldamenekoarekin inoiz haserretu bagara, edo ez bazaigu gustatzen, edo haren inbidia baldin badaukagu, orduan jasangaitzak egingo zaizkigu zarata guztiak. Lehen zaunka entzuten dugunetik urdurituko gara.

Gure buruak ez ditu berdin hartzen batzuen edo besteen zaunka, oihu edo hitzak. Filtroa beti dago martxan, eta gorroto dugun pertsonak bota duen txisteari ez diogu graziarik ikusiko;aldiz, gure lagunminak txiste bera botaz gero, barrez lehertzen hasteko kapaz gara.

Herri baten eraikuntzan, gizarte baten antolamenduan egiten diren lan eta beharretan ere, halakoek badute eragina, eragin sakonegia akaso. Zer gertatuko litzateke politika mailan, adibidez, filtro hori des-aktibatuta entzungo baliote batzuk besteei? Akordioak errazagoak lirateke agian. Eta entzuleok ere telebistan batzuek eta besteen adierazpenak entzutean, filtrorik gabe egingo bagenu? Hitz horiek nork esan dituen kontuan hartu barik? Esan duena bakarrik kontuan hartuz?

Ez da ariketa erraza, eta are zailagoa da eguneroko bizitzara eramaten. Nork hitz egiten digun, horren arabera, hitz horiek baliotsuagoak izango dira, edo baztergarriagoak, edo distiratsuagoak. Harekin dugun harremanaz gain, hitz egiten digunaren sexuak, arrazak eta maila sozialak ere eragin handia du horretan. Autoridade berdina ematen diegu, adibidez, emakume eta gizonen hitzei? Pisu berdina dute? Balio berdina? Nahiz eta gauza bera esan berdin hartzen dugu?

Baina jakina da auzokoaren txakurraren zaunkak ez duela oihartzun bera izaten, auzokoa bat ala bestea izan. Nahiz eta zaunkek intentsitate berdina izan.

Herramientas de Contenido