Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Oskarbi folk taldeak, zeinak 50 urte daramatzan taula gainean, bere azken lana aurkeztuko du asteazkenean, Harresietako jaialdiaren barruan

Kontzertua Ziudadelako 2. agertokian izango da, Arma Aretoaren ondoan, 21:00etan, eta sarrera doan da

pamplona.es - Martes, 15 de Agosto de 2017 - Actualizado a las 13:55h

Oskarbi folk taldeak, taula gainean 50 urte daramatzan euskal talde ezagunak, bere azken lana aurkeztuko du, Mendira naiz izenekoa, abuztuaren 16an, asteazkenarekin. Emanaldia Iruñeko Udalak antolatzen duen Harresietako jaialdiaren barruan sartzen da, eta Ziudadelako 2. agertokian izango da, Arma Aretoaren ondoan, 21:00etan. Sarrera doan da. Azken konposizioez gain, kontzertuan beren ibilbideko hainbat abestiri helduko diete, hala nola Mariñela, Zazpi urte edo Mendira naiz.

Oskarbi 60ko hamarkadaren erdialdera sortu zen Pasaia inguruan (Gipuzkoa), eta jatorria Don Bosco abesbatzan dauka. Hasiera-hasieratik Iñaki Maritxalar eta Joxelu Treku izan ditu buru, zeinak taldekide izan baitira taldearen ibilbide osoan zehar. Lehen abestietan urte haietan oso ohikoak ez ziren erritmoen aldeko apustua egin zuten, hala nola jazz eta gospelarena. Ez Dok Amairu euskal kantagintza berria sustatu zuen kultur mugimenduaren parte izan zen, eta Baga biga higa sentikaria ikuskizunean parte hartu zuen. 1969an lehen diskoa grabatu zuen, taldearen izena zeraman, eta Jorge Oteiza eskultoreak egin zuen azala. Oteizak eta Bitoriano Gandiaga idazleak eragin handia izan dute taldearen ibilbidean. Oskarbiren errepertorioan herrietan abestu ohi diren kanta herrikoiak zein egile ezagunenak daude, hala nola Azkue eta Aita Donostiarenak, eta abesti horiek haien estilora moldatu dituzte. Halaber, abesti berriak sortu dituzte argitaratutako poemen letretatik abiatuta.

50 urte hauetan, Oskarbitik 20 musikari baino gehiago igaro dira, ehunka kontzertu eskaini dituztenak, , Kanada, Uruguai eta Argentinako biretan emandako kontzertuak barne. Dozena bat lan argitaratu ditu taldeak. Gaur egun honako hauek dira taldekideak: Iñaki Maritxalar, gitarra eta ahotsa;Joxelu Treku, ahotsa;Maite Aizkorreta, ahotsa;Barbatxo Maritxalar, ahotsa;Carlos Ruiz, ahotsa eta akordeoia;Gontzal Iñarra, flauta;Beronik Ondikola, ahotsa;Joana Ortega, pianoa eta teklatua;Maite López de Arbina, biolina;Sebastián Urtarroz, perkusioa;Lara Mitxelena, txalaparta;eta Itziar Jauregi, txalaparta.

Harresietako jaialdiaren hurrengo musika-emanaldia abuztuaren 17an izango da, ostegunarekin, Javier Ruibalen eskutik. Suresencia kontzertuak hiruko formatuan dakarkigun musikak parada emanen digu aske eta lasai murgiltzeko flamenkoaren soinuetan eta Magrebeko, Indiako eta Karibeko doinuetan. Musiken eta odolen fusioa.

Herramientas de Contenido