la carta del día

Turismobabia

Por Bixente Serrano Izko - Domingo, 20 de Agosto de 2017 - Actualizado a las 06:10h

turismobabiak turismofobiari dei egiten dio, eta alderantziz. Elkarren bazka dira biak ala biak.

Bere aise ezartzen ari den turismo ereduaren arazoak mahai gainean jartzeko asmoz gauzaturiko ekimen batzuek ez dute adierazten buruargirik dagoenik haien atzean. Go home tankerako pintadek, tren turistikoak ibilbidean geldiarazteak eta horrelako ekintzek, turismofobiaren kolorea eman diete gaurko ereduari buruz eztabaidatzeko eskaerei. Norbaitek eman beharko lieke ikastaroren bat aktibista burugabe horiei zer den zilegi eta zer ez, zer den eraginkor norabide onean eta zer txarrean. Areago, Euskal Herrian edo Katalunian, non estatu eremuko hedabide handiak dabiltzan edozein aitzakiaren bila terrorismoari etekinak ateratzen jarraitzeko. Udako dragoi-suge bihurtu dute kontua, ildo horretan, arduragabekeria ariketa higuingarri batean. Hau idazten nagoela, media horiek elikaturiko jendaila ikusten ari gara interneteko sareetan eskuak pozez igurzten Kataluniako atentatuen aurrean, nork bere opilari su eman nahian, horietako ez gutxik turismofobia ituan, elkarrekin zerikusirik ez duten bi auzi nahas-mahas berean sartuz.

Onartu beharko da gaurko turismoaren eredua arazoak sortzen ari dela gune batzuetan. Konpontzeko zailak diren arazoak, baina konpontzen saiatu behar direnak. Babian egon gabe haien aurrean, turismobabian erori gabe: turismoa bultzatzea berez ona denez, aurrera turismoarekin edozein modutan, alboko kalteak kostuen kanpokotasun zilegitzat joz, kanpokotasun negatiboa izanik ere. Oso jarrera ohikoa edozein jarduera ekonomikotan, tamalez.

Alboko kalte horiek denetarikoak dira, arlo guztietakoak. Urbanismoan, ekologian, auzoetako biztanlerian, haren bizimoduan, lan-munduan, tokiko merkataritza-sareetan, garraioetan, ostalaritzan, prezioetan… Interes kontrajarri asko sortzen dira turismoaren bultzadaren inguruan eta halako oreka bat bilatzen saiatu behar haien artean, betiere, jakina, turismoa egiteko askatasunari bideak itxi gabe. Nork ez du turista izan nahi?

Baina turismobabia olatu baten gainean bizi da jende asko. Bai jende arrunta, bai interes ekonomiko zuzenak dituen jendea, bai erantzukizun politiko-administratiboak dituen jendea. Urrezko mea aurkitu balute bezala industria-osteko gizarte honetan. Hor nonbait irakurri berri diot elkarrizketa batean ekonomialari bati, jardueran erantzukizun publikorik izan duena, kezkati berau kontrolik gabeko turismoaz. Bazen garaia horrelako profesional eta kargudunen batek kezka horiek plazaratzeko! Baina hara non, eta bere panazea azaltzen du: prezioen igoera alegia, turismo kontrolagarriagoa, kontsumo handiagokoa, aberasgarriagoa, selektiboagoa lortzeko. Txapela kentzeko modukoa, aizu! Hau maila, santolalla! Ez dakit orain arte ezaguturiko alboko kalteak errazago konponduko ote diren ideia horiekin, egia erran ez dut uste, baina batik bat ekonomia maila erdiko eta baxuko turistak uxatzeko irtenbidea da, bertze turismofobia molde bat, elitista. Hasieran errana: turismobabia eta turismofobia, elkarren bazka.