Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Jo & Swiss Knife iruindarren country musikak amaiera emango die, asteartean, Ziudadelan, Harresietako jaialdiko kontzertuei

Emanaldia 21:00etan hasiko da, sarrera librea da, eta azken lana aurkeztuko dute: Flea Zircus

d.n. - Lunes, 21 de Agosto de 2017 - Actualizado a las 12:21h

Jo & Swiss Knife

Jo & Swiss Knife

Galería Noticia

  • Jo & Swiss Knife

IRUÑA. Bihar, asteartearekin, amaituko dira abuztuan Ziudadelan programatutako kontzertuak, Harresietako jaialdiaren barruan, Jo &Swiss Knife iruindar taldearen country musikaren eskutik. Kontzertua 21:00etan hasiko da, eta sarrera librea da. Jo &Swiss Knife taldeak urte honetan bertan argitaratu duen Flea Zircus izeneko azken diskoko kantak aurkeztuko ditu.

Taldeak countrya eta bluegrass musika folk amerikarrarekin uztartzen ditu, taularatze original bezain harrigarri batean. Ikuskizunaren freskotasuna da bereizgarririk nabarmenena, eta instrumentuen moldaerraztasuna zein aniztasuna protagonista dira, ahotsen harmonia zainduekin eta taldekideen estetika arretatsuarekin batera. Honezkero bi disko kaleratu ditu boskote honek, eta birak egin ditu Frantzian, Belgikan, Alemanian eta Suitzan barna, besteak beste. Zuzeneko emanaldien ezaugarri dira taldekideen moldaerraztasuna instrumentuekin, taularatzea, eta country, old-time eta bluegrass estiloak jotzeko agertzen duten energia, punk rock talde batek erakusten duenaren tankerakoa.

Hiru urteko ibilbidea eta bi disko merkatuan

Jo &Swiss Knife country musikako boskote iruindarra da. 2014an hasi, eta indar handiarekin sartu zen Iruñeko eszenatokietan, 2015ean, Music from small pink lehenengo diskoarekin. Orduz geroztik ehun kontzertu baino gehiago eman dituzte, nazioarteko blues eta country jaialdietan jo dute, eta izen handiko artistekin batera izan dira agertokian, hauekin, besteak beste: Little Mike and The Tornadoes, Leburn Maddox, Mr.Sipp (the Mississippi Blues Child), Karl Kummerle, Chris Bergson, Random Thinking, The Ghost Wolves, The Allnighters, Red Beard, Ñaco Goñi...

Taldeak bi sari irabazi ditu Scopifest bideoklip jaialdian: publikoaren saria eta Nafarroako bideoklipik onenaren saria, You'll always feel free eta La De Buckley bideoengatik. 2016an taldeak bira egin zuen Europan, Espainia, Frantzia, Belgika, Alemania eta Suitzan barna. Behin itzuli eta gero, Flea Zirkus lan berriaren ekoizpenean murgilduta egon dira. Orain aurkezten duten disko horrekin salto handia eman dute, haien konposizioen kalitateari dagokionez.

Herramientas de Contenido