Benito Lertxundik kontzertua emango du abenduaren 28an Baluarten

baluarte.com - Sábado, 26 de Agosto de 2017 - Actualizado a las 21:32h

Heldu den abenduaren 28an, Benito Lertxundi Baluarten izango da 20.30etik aurrera kontzertua ematen, In &Out Producciones-en eskutik. Orioko kantariak, 50 urteko ibilbidea ospatzeko, Euskal Herrian zehar kontzertuak emateari ekin zion Oroimenaren Oraina izeneko diskoa ardatz zuen biran eta oraindik ere zuzenekoetan murgildurik jarraitzen du. Sarrerak 35 eurotan ohiko kanaletan eskura daitezke: Baluarteko webgunean (www.baluarte.com), txartel-leihatilan eta 902 15 00 25 telefonoan.

Bere betiko estiloari jarraituta, emanaldian oraindik argia ikusi ez duten kantuak ere aurkeztuko ditu, barne hausnarketak, Fernando Pessoa portugaldar idazlearen olerkiak edota Jorge Bucay argentinarraren olerkiren batekin konposatutakoak. Horiekin batera, jakina, betiko kanturik ezagunenek ere tokia izango dute. Kontzertuan ohiko musikariek lagunduko diote: Juantxo Zeberio (piano eta sintetizadorean), Amaiur Cajaraville (baxuan), David Gorospe (baterian), Angel Unzu (gitarra eta bouzoukiarekin), Gurutz Bikuña (gitarrekin), Xabier Zeberio (biolina eta nyckelharpa), Pello Ramirez (eskusoinu eta biolontxeloarekin), Intza Unanue (koroak egiten) eta Olatz Zugasti (harpa, teklatu eta ahotsarekin).