Miguel Povedak Flamenco on Fire Jaialdiari amaiera emango dio bihar Baluarten

baluarte.com - Sábado, 26 de Agosto de 2017 - Actualizado a las 21:39h

Flamenco on Fire Jaialdiaren laugarren edizioa Baluarten amaituko da bihar Miguel Povedak eskainiko duen emanaldiarekin. Kontzertuan, Miguel Povedak ederki agertuko ditu musikan dituen joerak;cantaor flamenko gisa duen prestakuntza, poesia, kopla, eta horren ondorioz, ikuskizun bizia eta askotarikoa eskainiko du, zirraraz betea. Oholtza gainean lagun izango ditu Jesús Guerrero gitarra-jotzailea eta Antonio Coronel bateria-jolea;halaber, Londro, Carlos Grilo eta Dani Bonilla txalo jotzen eta koruak egiten arituko dira. Baluarteko Areto Nagusian gaueko 21.00etan hasiko den emanaldirako sarrerak ohiko kanaletan eskura daitezke: Baluarteko webgunean (www.baluarte.com), txartel-leihatilan eta 902 15 00 25 telefonoan.

25 urtetik gorako ibilbide profesionala egina, Miguel Povedak talentuz urratu du bere bidea, musikaren maisu handien inspirazioak bultzaturik, genero mugarik gabe, eta askatasuna ikur harturik. Sari asko eskuratu ditu, besteak beste 2007ko Musika Sari Nazionala, Kataluniako 2011ko Kultura Sari nazionala, Jerezko Flamenkologia Katedra Saria, Andaluziako Domina 2012an, eta Sevillako eta probintziako seme kuttun izendatua. Mundu zabalean eman ditu bere ikuskizunak, eta toki guztietan jaso du jendeak apaltasunez eta esker onez egin dion aitortza. Hamar disko baino gehiago ditu plazan, eta orain, Sonetos y poemas para la libertad izenburuko lana ondu du. Ausardiaz landu du, gustuz eta bikaintasunez beterik. Aurreko lanak (arteSano) Urrezko Diskoa eskuratu zuen, eta Coplas del querer izenekoari, berriz, musika arloko hainbat sari eman zizkioten, eta era berean, Urrezko eta Platinozko Saria eskuratu zuen.