Nafarroako Orkestrak Baluarten 14 programa eskainiko ditu 2017-2018 Denboraldi berriaren baitan

baluarte.com - Miércoles, 30 de Agosto de 2017 - Actualizado a las 20:27h

Nafarroako Orkestra Sinfonikoak (NOS) 2017-2018 Denboraldi berrian 14 programa (28 emanaldi) ekarriko ditu Baluartera. Programazio berriaren kontzertuetarako sarrerak irailaren 5ean jarriko dira salgai, www.baluarte.comwebgunean, Baluarteko txartel-leihatiletan eta orkestrak Atarrabian (kale Nagusia 48) dituen bulegoetan eta 15, 24 eta 30 eurotan eskura daitezke. 
 
Nafarroako Orkestra Sinfonikoak bere sustraietan sakondu nahi du 2017/2018 denboraldian bikaintasun musikala bilatzeko eta dibulgaziozko helburuak betetzeko, betiere kulturaren eta nafar gizartearen zerbitzuan. Horretarako, bere bi funts handietan pausatuko du begirada: batetik, errepertorio klasikoan eta erromantikoan, hau da, Haydn, Mozart, Beethoven, Bruckner, Mahler, R. Strauss eta beste egile batzuen lanetan, guztiak ere funtsezkoak izan baitziren hizkuntza sinfonikoaren sorkuntzan;eta bestetik, gure musikaren azkenaldiko historian erabateko garrantzia izan duten nafar konpositoreengan, Pascual Aldave, Agustín González Acilu eta José María Goicoechearengan, hain zuzen. Azken horri dagokionez, omenaldi gisako bat izanen da, haren katalogoko bi lan adierazgarri berreskuratuko ditugulako, hots, Misa brevis, eta pianorako eta orkestrarako 2. Kontzertua. Horiekin batera, ganbera-musikako eta musika koraleko kontzertuak joko dira Baluarte Fundazioaren Ganbera Baluarte programaren baitan.
 
Antoni Wit zuzendari artistiko eta titularra berriz ere igoko da Orkestraren podiumera denboraldi berriko hamalau programetatik bostetan, eta zikloaren inaugurazioaz nahiz itxieraz arduratuko da Erromantizismoko funtsezko bi lanekin: Beethovenen 9. Sinfonia eta Brahmsen Requiem Alemana. Bi lan horiek Iruñeko Orfeoiarekin batera emanen ditugu, abesbatza gonbidatu nagusia izanen baita denboraldian, ohi denez. Aurten, gainera, Iruñeko Ganbera Abesbatza batuko zaio.
 
Ez dira izanen Baluarteko agertokira igoko diren nafar interprete bakarrak. Nafarroako Orkestrak, izan ere, bi iruindar gonbidatzeko ohorea izanen baitu, Raquel Andueza eta Isabel Villanueva, bakoitza kontzertu batera. Beraz, bi abeslariok halako eite berezi bat emanen diete kontzertuei. Biak ere Baluarte Fundazioaren ganbera zikloan arituko dira, eta Andueza ziklo horretako Artista egoiliarra da. Haiekin batera, interprete handiak benetan arituko zaizkigu, sorta ederra;Elisabeth Leonskaja, Tine Thing Helseth, Eldar Nebolsin,Boris Belkin, Pablo Ferrández eta Piotr Paleczny. Aurten, gainera,gure Orkestrak bere bakarlarietako bat erantsiko du talde horretara, Xavier Relats flauta-jotzailea, alegia. Guztiek joko dituzten programak orekaren bila diseinatu dira. Programetako lan asko, gainera, entzuleek ongi ezagutzen dituzte.
 
Antoni Witez gain, nazioarteko panoraman dabiltzan ohiko izenak ekarriko ditu kartelaren osagarri, hala nola Juanjo Mena, Jacek Kaspszyk, Josep Caballé Domenech, Charles Oliveri-Munroe eta Junichi Hirokami, besteak beste. Eta bi debut ere izanen dira Orkestrako ziklo sinfonikoarekin, Ramón Tebar eta Rubén Gimenoren debutak, hain zuzen.