Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Nafarroako Gobernuak 1,3 milioi euro bideratu ditu iraupen luzeko langabeak lanean lehenago hasten laguntzeko

Nafar Lansarek diru-laguntzen deialdi bat argitaratuko du NAOn irailaren 5ean, langabeen prestakuntzan eta lan-eskaintzan arreta handiagoa jartzeko

navarra.es - Miércoles, 30 de Agosto de 2017 - Actualizado a las 20:21h

Nafar Lansare iraupen luzeko langabeak lanean lehenago hasteko prozesuak areagotzen hasiko da. Horretarako, zerbitzu berri bat aterako du, prestakuntzari eta eskaintzei arreta handiagoa jartzeko.

Gaur goizean Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak Nafarroako Gobernuari asteko saioan zehar azaldu dion moduan, helburua da langabeak kontratatzea lortzea, bi urte baino gehiago langabezian daramatzaten 45 urtetik gorakoen eta urtebete langabezia daramaten 55 urtetik gorakoen kasuan batik bat. Dena den, 29 urtetik gorakoek jaso ahalko dute zerbitzu hori. Uztaileko datuen arabera, urtebete baino gehiago langabezia-egoeran daramaten 29 urtetik gorako 12.555 pertsona daude, nahiz eta aldi baterako kontraturen bat izan;hots, izena emandakoetatik % 35 inguru (36.133).

Hori dela eta, Nafarroako Aldizkari Ofizialak diru-laguntzen deialdi berri bat argitaratuko du datorren irailaren 5ean, esparru honetan aritzen diren erakundeentzat. Guztira, 1,34 milioi euroko laguntza izango da, duela gutxi Enpleguko Sektore Konferentziak banatutako funtsekin batera finantzatutakoak.

Diru-laguntzak izango dira artatutako pertsona bakoitzeko gehienez 400 euro ordaintzea, eta laneratutako pertsona bakoitzeko 1.100 eta 3.000 euro artean, adina eta langabezia-denbora kontuan hartuz.

Suspertze ekonomikoa egon den arren eta iraupen luzeko langabezia, langabezia osoa baino gehiago jaitsi bada ere, oraindik langabezia-egoeran jarraitzen duten pertsonen kopuruak handia izaten jarraitzen du.

Eskubide Sozialetako Miguel Laparra lehendakariordeak nabarmendu duen moduan, pertsona horiei arreta espezializatua ematea ezinbestekoa da beren enplegagarritasuna hobetzeko, langabezia-egoerak aurrera jarraitzen badu, pixkanaka lan-merkatuan berriro sartzeko aukerak galtzen direlako. Horrez gain, laneratzea zailtzen duen beste faktore bat langabearen adina da.

"Frogatuta dago iraupen luzeko langabeekin garatutako ekintzetan arreta indibidualizatua emateak (intentsitate handikoa, eta jarraipen hurbilarekin) nabarmen murrizten duela langabezia-egoeran emandako denbora", adierazi du kontseilariak. Horrez gain, azpimarratu du lehentasunezko helburua enplegu egonkor eta kalitatezko bat lortzen inor ez atzean geratzea dela.

Lan-orientazioari dagokionez, Nafar Lansarek generikoki laguntzen dio talde honi (berak edo erakunde laguntzaileek emandako orientazio-zerbitzuekin), eta baita berariazko orientazio-programa batekin ere. Beraz, abian jarri den zerbitzu berriak, dauden prestakuntza-programak eta orientazioa osatzen ditu, eta prestakuntza tekniko eta profesionalari, enpresen prospekzioari eta bitartekotzari arreta handiagoa jartzen dio. Lan-merkatuan sartzeko bidean laguntzeko, bai bere kontura bai autonomo gisa, zerbitzu berriak aurreorientazio profesionalera batik bat joko du, eta gaitasun profesionalak eta pertsonen artekoa indartzera, pertsona bakoitzaren beharren arabera.

Lau jarduera-esparru

Iraupen luzeko langabezia-egoeran dauden pertsonei emandako Arreta espezializatuko Zerbitzuek esparru hauek barne hartuko dituzte:

Orientazioa: elkarrizketa indibidualizatua profilak eta helburu profesionala eguneratzeko eta prestakuntza eta enplegu ibilbidea antolatzeko.

Prestakuntza tekniko eta profesionala: gutxienez 75 orduko prestakuntza-tailerrak emanez laneko alderdiak eta alderdi pertsonalak eta eskaera dagoen esparruetan lana bilatzeko ezinbestekoak diren ezagutzak landuko dira, zerbitzuaren gainerako eragileekin koordinazioan (orientazioa, prospekzioa eta enpresak). Erakunde onuradunek tailer hauek eskaini ahalko dituzte: saltokiko saltzaile edo kudeatzailea;soldadura, kontratazioa;laguntza-zainketak;elektrizitatea;informatika;sukaldaritza;logistika eta biltegiratzea eta garbiketak, langabe bakoitzak aldez aurretik duen prestakuntza eta lanbide-esperientzia kontuan hartuz.

Prospekzioa: Lanaldi osoko proiektuari esleitutako tutore bakoitzeko, diru-laguntzen erakunde onuradunak gutxienez 20 bisita edo kontaktu egin beharko ditu enpresekin, eskaintzak egiteko eta beharrak detektatzeko. Eskaintza horiek Nafarroako enplegu atarian argitaratuko dira: www. empleo.navarra.es.

Bitartekotza: enpresa batean aurkitutako beharra lan egin den profiletako batera egokitzen bada, erakunde laguntzaileak bi alderdiak jarriko ditu harremanetan eta bi hileko jarraipena eskainiko zaio enpresari, sor daitezkeen arazoen aurrean jarduteko. Erakunde laguntzaileak iraupen luzeko langabezia-egoeran dauden pertsonen kontratazioa sustatzeko zer diru-laguntza dauden jakinaraziko dizkio enpresari.

3.000 euro arteko laguntzak laneratzeko

Aurkezteko epea irailaren 25ean amaituko da. Zerbitzu hori emateko, laneratzeko proiektuen kudeaketan edo orientazio esparruan aritzen diren Nafarroako erakundeak aurkeztu ahalko dira diru-laguntzen deialdi honetara. Tutore bat jarri beharko dute langabe bakoitzaren eskura. Tutore bakoitzak, gehienez, 75 langabe artatuko ditu, bai Nafar Lansarek eskatuta, bai erakundeek zuzenean aurkitutakoak. Deialdia www.empleo.navarra.es webguneko "Laguntzak eta diru-laguntzak" atalean dagoen izapidetze-fitxan kontsultatu daiteke.

Diru-laguntza horietan, gehienez, 400 euro ordainduko dira artatutako pertsona bakoitzeko, eta 1.100 eta 3.000 euro artean laneratutako pertsona bakoitzeko (gutxienez, 3 hileko kontratuak, autoenplegua, edo Gizarte Ekonomiarako elkartea). Kopuru hori langabearen adinaren eta langabezian emandako denboraren araberakoa izango da. Esaterako, 29 urteko batentzat, gehieneko diru-laguntza 1.100 euro (1 eta 2 urteko langabezia) 1.850 euro (2 urte baino gehiago) artekoa izango da. Langabezia-egoeran bi urte baino gehiago emandako 45 urtetik gorakoentzat, eta 55 urtekoentzat edo hortik gorakoentzat, gehieneko laguntza 3.000 eurokoa da.

Eskaintzak baloratzeko irizpideetan, gehieneko prezioen gainean eskainitako deskontua;langile teknikoaren profila edo enplegu-agentzia batzuetan zerbitzua ematea kontuan hartuko dira.

Iraupen luzea Nafarroan

Nafar Lansarek uztailean erregistratutako datuen arabera, Nafarroan iraupen luzeko 14-034 langabe daude (izena emandako guztien % 38,84), % 64,11k bi urte baino gehiago daramatzate egoera horretan, nahiz eta aldi baterako kontraturen bat izan. Iaz 16.423 ziren. Iraupen luzeko langabezia, langabezia osoa baino gehiago jaisten ari da. Urtebetean % 14,4 jaitsi da, langabeziak izandako % 8,77ko jaitsieraren aldean. Bilakaera hobe hori 2015eko urritik gertatu da.

Gaur aurkeztutako programa urtebete baino gehiago langabezian daramaten 29 urtetik gorako 12.555 pertsonentzat da. Langabezian izena emandako pertsona guztietatik (36.133) % 35 langabezia-egoeran daude. Horietatik, 9.000k 45 urte baino gehiago dituzte, eta, zehazki, 55 edo gehiago, 5.277k. Langabezia-denborari dagokionez, 9.000 inguruk bi urte edo gehiago daramatzate langabezia-egoeran (1.518, 3 eta 4 urte artean, ea 5.045, lau urte baino gehiago). Horrek eragin handiagoa du emakumeen artean: % 63,79, gizonen % 36,21en aldean.

Langabezia-egoeran dauden 9.000 pertsonen jatorria hau da: funtsezko lanbideak, sukaldaritza, zainketa pertsonalak, babesa eta salmentak, kontabilitateko langileak, administratzaileak edo bulegoko bestelako langileak, edo manufaktura-industriako eta eraikuntzako langileak (2.400 pertsona inguru).

Bestalde, 25 urtetik beherako pertsonak iraupen luzeko langabeak dira 180 egunetan eskaera aktibo etengabea izan badute, eta hortik gorakoen kasuan, arreta-dataren aurreko 540 egunetan zehar, gutxienez 360 egun (ia 12 hilabeteko langabezia 18 hiletan).

Últimas Noticias Multimedia