Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

NUP-ek 30 postu eskaintzen ditu “Mugi zaitez” programan, osasun arazoak dituzten unibertsitateko komunitateko kideei zuzenduta

Entrenamenduen helburua da egoera fisikoa hobetzen laguntzea hipertentsioa, obesitatea, diabetesa, kolesterolemia edo bestelako patologiaren bat duten AZLei eta Irakasle-Ikertzaileei

NUP - Miércoles, 30 de Agosto de 2017 - Actualizado a las 17:42h

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 30 postu eskaintzen ditu "Mugi zaitez" ariketa programaren bigarren edizioan. 2017ko udazkeneko seihilekoan garatuko da, eta osasun patologiaren bat daukaten Administrazio eta Zerbitzuetako Langileei (AZL) eta Irakasle-Ikertzaileei (I-I) zuzentzen zaie. NUPeko Kultura eta Kirol Unitateak antolatzen du programa, Unibertsitateko Osasun Laguntzarako Unitatearekin eta Nafarroako Gobernuaren Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroarekin lankidetzan.

Ekimena joan zen urtean jarri zen martxan. Ariketa fisikoan oinarritzen da, osasuna hobetzeko modua delako. Ariketa fisikoa eguneroko ohituretan sartu nahi du, bizitza osasungarriaren aztura delako. Parte-hartzaileek hipergluzemia, kolesterola, obesitatea edo intsulinaren mendekoa ez den 2. motako diabetesa bezalako arazoak eduki ohi dituzte, eta bi taldetan banatzen dira: lehena astelehen eta asteazkenetan, 17:00etatik 18:30era aritzen da, eta bigarrena astearte eta ostegunetan, 12:00etatik 13:30era. Informazio gehiago izateko eta izena emateko, kontsultatu Unibertsitatearen webgunea, edo jarri harremanetan Kultura eta Kirol Unitatearekin, 948169750 telefonora dei eginez edo deportes@unavarra.es posta elektronikora idatziz.

Programa hasi baino lehen, irailaren lehenengo bi asteetan, proba batzuk egingo zaizkie parte-hartzaileei, eta beharrezkoa izanez gero, baita esfortzu probak edo analisiak ere, arrisku faktore, patologia edo kontraindikaziorik ote dagoen jakiteko, eta horrela, hurrengo astean, lan programa eta lan kargak kasu zehatz bakoitzari egokitzeko. Halaber, parte-hartzaileei testak egingo zaizkie, programa hasi baino lehen eta amaitu eta gero ere. Horrek, eta bukatu eta gero egingo zaien beste analitika batek, informazio zehatza emango du egindako lanari eta lortutako hobekuntzari buruz

ENTRENAMENDUEN XEHETASUNAK

Cristina Morente Sebastián monitoreak, NUPeko kirol instalazioetako langileak eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan lizentziadunak, diseinatu eta gidatzen ditu entrenamenduak. Entrenamendu bakoitza honela osatzen da: beroketa bat lehendabizi, eta gero indarra eta erresistentzia aerobikoa nahasten dituen ariketa-sail bat (hanka-atxikia edo kokorikatze erdia, bizkarraldekoa, bularrekoa, bizepsa eta trizepsa eta abdominal dinamikoak, baita jolas arin eta askotarikoak ere), bihotz maiztasun maximoaren % 85 gainditu gabe, segurtasunarengatik. Ondoren, luzamendu saio bat baretasun egoerara itzultzeko. Entrenamendu konbinatu honek arrisku kardiobaskularraren faktoreak hobetzen ditu, erraietako eta larruazalpeko koipea gutxiagotzen du eta gihar masaren galera saihesten du.

Parte-hartzaile bakoitzak pultsometro bat eramango du, ariketa taula hauen efektua kontrolatzeko, eta egunero bere burua ebaluatuko du, ariketa maila egokia den edo ez jakiteko (gehiegi edo gutxiegi), eta hurrengo saioan egokitzeko. Jardueraren monitoreak azaltzen duen bezala, taldean aritzea ona da, motibazioa eta kirolean jarraitzeko gogoa handiagotzen dituelako, eta hori funtsezkoa da kirola aztura osasungarri bihur dadin. 

Herramientas de Contenido