Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

7.000 lagun baino gehiagok hartu du parte ikasturte honetan hezkuntza-eremuko bizikidetza-gaiaren inguruko jarduera eta prestakuntzetan

navarra.es - Sábado, 2 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 21:31h

Nafarroako Gobernuak "Bakearen eta bizikidetzaren aldeko eskolak" izeneko programaren barruan eskainitako jardueretan guztira 4.750 pertsonak hartu dute parte;hots, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikasleak, gurasoak eta irakasleak.

Programa Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Bakea, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak jarri zuen abian, eta 150.000 euroko zuzkidura ekonomikoa du. Jada Nafarroako hezkuntza-sareko 41 ikastetxetan garatu da, gazteleraz zein euskaraz.

186 taldetan, honako jarduera hauek burutu dira: txotxongiloak, lankidetza-jolasak, tailerrak eta "Sare-On" hitzaldiak sareko indarkeriaren inguruan, familia eta irakasleentzako prestakuntza-ikastaroak eta antzerki-foruma. Horrela azaldu du Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria den Ana Ollok, eta programa departamentuen arteko lankidetza moduan nabarmendu du: "Hezkuntza Departamentuaren jarrera egokiari esker, denen arteko proiektua eratu ahal izan da. Bizikidetza zeharka landu behar da, beste departamentuekin elkarlana eginaz" –adierazi du. Halaber, hitzaldian zehar, ikastetxeek programaren inguruan egindako balorazio bikaina azpimarratu du, horrek 2017/18 ikasturtean zehar programak segimendua izaten lagunduko baitu.

Bakea eta Bizikidetzako Zuzendaritza Nagusiak diseinaturiko prestakuntza-programari Hezkuntza Departamentuko Bizikidetza Aholkularitza berak eskainitakoa gehitu behar zaio. 2016/17 ikasturtean zehar, guztira 68 prestakuntza-jarduera burutu dira;hau da, ikastaroak, tailerrak, mintegiak eta jardunaldiak, honako hauek bezalako askotariko edukiekin: disrupzioaren aurreko prebentzioaren eta erantzunaren estrategia, eskumen emozionala hezkuntza-eremuan, trebetasun sozialak eta komunikazio-trebetasunak gatazkak konpontzerakoan, eskola-jazarpena edo ikastetxeetan bitartekaritza-lana egitea. Jarduera horietan, guztira 2.346 irakaslek parte hartu dute.

Laguntza programa

Bestalde, Maria Solana Hezkuntza kontseilariak nabarmendu du eskola-jazarpenaren aurreko prebentziorako eta esku hartzeko Laguntza Programa beste 15 ikastetxetara zabalduko dutela, 2016/17 ikasturtean programa 7 ikastetxe pilotutan abian jarri ondoren.

Hezkuntza Departamentua aldi berean lanean aritu da Bizikidetza Aholkularitzaren zerbitzua hobetzeko. Helburu hori aintzat hartuta, urte horretan bertan negoziatu espezifikoa sortu da Bizikidetza Aholkularitzarentzat, eta giza baliabideak hiru aldiz biderkatu dira.

Beraz, aholkularitza hori soilik bi irakasle-aholkulari izatetik sei pertsonak osatutako diziplina anitzeko taldea izatera igaroko da bihartik, irailaren 1etik, aurrera. Etapa guztietako irakasleez gain, gizarte-langile bat ere sartu da, bizikidetza-arazoak baliabide sozio-edukatibo guztien ezagutza handiagoarekin jorratze aldera.

Berritutako eta handitutako talde horrek hezkuntza-komunitateko sektore ezberdinei gai hauen inguruko aholkularitza eskainiko die: eskola-jazarpena, indarkeria eta tratu txarrak, eta bizikidetzako eta gatazkak konpontzearen gaineko gaien inguruko guztia.

Ikastetxeei bizikidetza-planak garatzen eta eguneratzen laguntzeaz gain, Aholkularitzak Irakasleen Prestakuntza Planeko Bizikidetza Programa ere bultzatu, diseinatu eta garatuko du.

Ildo horretan, "Ikasturte honetan, gure helburua izango da Bakea eta Bizikidetzako Zuzendaritza Nagusiaren eta Hezkuntza Departamentuaren arteko lankidetzarekin jarraitzea eta are gehiago hobetzea, bizikidetza-arloko prestakuntza-eskaintza areagotzeko, Irakasleen Prestakuntza Planaren barruan, eta, modu horretan, koherentzia handiagoa izateko", nabarmendu du.