Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Amurrioko osasun zentro berriak 19.000 biztanleri emango die arreta

Domingo, 3 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 20:27h

GASTEIZ.Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Jon Darpon Osasun sailburua, Josune Irabien Amurrioko alkatea, Maria Jesus Mugika Osakidetzako zuzendari nagusia eta Jon Guajardo Barrualde-Galdakao Osasun Erakunde Integratuko zuzendari gerentea Amurroko zentroan bisitan izan dira ostiral honetan.

Eraikin berria herriaren erdigunean kokatuta dago, Felix Murga kaleko 8A zenbakian, eta eraikitzeko obrek urtebete iraun dute. Eraikitako azalera 1.340,36 metro koadrokoa da, "pertsonei kalitateko arreta ematen zaiela bermatzeko", Darponek azaldu duenez. Eraikin berriak osasun zentro zaharra ordezkatuko du, eta egungo beharrizanei behin betiko erantzuna emango die.

Gainera, aurreikuspenetan etorkizuneko beharrak ere izan dira kontuan, eta horiei aurre egiteko gaitasuna ahalbidetu da. Solairu bakarreko eraikina da, aurrekoa baino funtzionalagoa. Hesitutako lursail batean dago eta lorategia dauka.

Irisgarritasunari garrantzi berezia eman zaio, mugikortasun mugatuko pertsonen beharretara egokituz (itxarongela zabalagoak eta hobeto hornituak), eta energia eraginkortasuneko sistemak instalatu dira.

Osasun zentro "handiagoa, erosoagoa eta eraginkorragoa" da, ekipamendu berriak ditu eta, horri esker, egiten diren kontsultak eta probak hobetu ahal izango dira. Pazienteei ematen zaien arretan nabarituko da onura, eta osasun zentroko 34 profesionalen lan baldintzak hobetzeko ere balioko du.

Sei familia mediku, hiru pediatra, zazpi erizain, emagin bat, erizaintzako laguntzaile bat, hiru administrari eta zeladore bat, eta Etengabeko Arreta Gunean launa mediku, erizain eta zeladore egongo dira lanean Amurrioko zentro berrian.

Berrikuntzen artean aipatzekoa da pazientearen arretarako eremuaren banaketa berria. Hiru arreta gune ezarri dira, pribatutasuna eta lehen mailako arretako triajea hobetzeko, eta ebaluazio horri esker erantzun hobea eman ahal izango zaie biztanleen osasun beharrei, pertsona bakoitza berarentzat egokiena den alor edo profesionalarengana bideratuz.

Bestalde, lehen mailako arretan izango dira familiako medikuntzako eta erizaintzako seina kontsulta, Pediatrian medikuntzako eta erizaintzako hiruna kontsulta, eta emakumeari arreta eta larrialdietarako Etengabeko Arreta Gunea.

LEHEN MAILAKO ARRETA Urkullu pozik agertu da zentroaren irekierarekin, eta lehen mailako arretak osasun sistemaren baitan duen garrantzi handia nabarmendu du.

"Gizarte aurreratuotan kontuan izan behar dugu zahartzearen, kronikotasunaren eta mendekotasunaren erronkak ditugula aurrez aurre, eta horrexegatik apustu garbi bat egiten ari gara, pertsonengandik gertuen dagoen osasun maila horretako asistentzia indartzeko.

Lehen mailako arreta indartzea pertsonen arreta integralaren aldeko apustua egitea da", adierazi du. Era berean, Jaurlaritzak Araban egin duen inbertsio handia azpimarartu du, "arabar guztiei kalitate goreneko osasun publikoa eskaintzeko".

Ahalegin horren emaitzak dira, esaterako, lehen mailako arreta eta arreta espezializatua integratzea, Arabako Unibertsitateko Ospitalea (AUO) handitzeko eta eraberritzeko egin diren inbertsio globalak, Amurrio, Laudio, Kanpezu, Lakua Arriaga, Salburua eta Zabalganako osasun zentroetan edo osasun mentaleko sarean egindakoak, edo osasun mentalaren arlokoak.

INGURUMENA Bestalde, Jaurlaritzaren ingurumeneko iraunkortasun estrategiarekin bat etorriz, osasun zentro berria ingurumen iraunkortasuneko irizpideen arabera diseinatu eta eraiki da.

Hori dela eta, aerotermia eta zoru erradiatzaile bidezko berokuntza eta hozte sistema dauka, eta horma, estalki eta zoruko isolatze eta estankotasun sistemei esker, energia kalifikazio gorena jaso du.

Zehazki, aurreko eraikinak G kalifikazioa zeukan bitartean, berriak A kalifikazioa erdietsi du. Horrek esan nahi du eraginkortasun maila altua lortu dela, eta energia kontsumoa %50etik gora hobetu dela.

Gainera, prebentzio-sistemak eta alarma ere instalatu dira, bai eta sistema informatikoak eta domotikoak ere, eraikina kontrolatzeko eta energia baliabide erabilgarriei probetxurik handiena ateratzeko.

Herramientas de Contenido