Erripan gora

Zaharrak berri

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 3 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 06:10h

Galería Noticia

Irakasleak lanera itzuli dira. Ikasleak, laster. Uda akitzen ari den seinale. Zeinen luzea ematen zuen udak ekainean, eguzki gorri beldurgarri hura bazterrak oro kiskaltzen hasi zelarik;eta zeinen urrun dauden orain opor asmo eta poz haiek;zeinen urrun, halaber, Sanferminak eta festen ondoko eztabaida interesatuak, jende gutxiago etorri ote den, gaueko giroa apaltzen ari ote den (egun argikoa ez, ordea;kontrakoa baizik), den-dena ostalaritza molde jakin baten ikuspegitik, iruindar gehienen iritzia kontuan hartu gabe. Norentzat egiten ote dira Sanferminak? Iruñeko jendearentzat edo kanpokoentzat? Festen asotsa isildu, eta basamortu bilakatzen zen hiriburua lehenago. Orain, ordea, ezin erran halakorik. Badabil jendea;bada mugimendu eta bizitasun handia. Galdetu bertzenaz traperoei, sekulan baino lan handiagoa izan dute aurten, eskariei ezin buru emanez. Deiak montioka jasotzen ari dira traste zaharrak eramateko, altzarien bila joateko, etxetresna elektrikoen eske abiatzeko;zenbat hozkailu eta arropa-garbigailu ez ote dituzten garraiatu, uztail eta agorrilean. Sekulan ez dute halakorik ikusi. Zur eta lur daude, burua harri eginik. Itota dabiltza. Biltegiak, leher, eta traperoak ere leher. Zergatik gertatu ote den hori? Auskalo, denetariko iritziak daude. Bitartean, udako beroa ez da gertatu ekainean uste bezain zakarra eta jasangaitza, etxeko zoko-mokoak ez dira hainbertzeraino berotu, eta hara, agorril akaberak euria ere ekarri digu agorra hausten hasteko, izadia biziberritzeko eta ureztatzen ez diren Iruñeko belardiak arraberdatzeko. Ikusteko modukoa da nola ernamuindu den belarra bizpahiru egunetan katedralpeko harresien eta Argaren arteko zelaietan. Hala eta guztiz ere, natura ezustean iratzarri zaigun honetan, dinosauroak hantxe dirau, salestarren itxura hartuta.