Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Osasun Publikoak legionellosiaren prebentziozko ikuskapenen programa espezifikoa burutu du igerilekuetan, hoteletan eta egoitza-zentroetan

Kontrol horien bitartez, jadanik ospitaleetan eta hozte-dorreetan aplikatzen den zaintza-programa eta bakteria hori hedatzea saihesteko kasu zehatzen ikerketa-programa indartu dira, bakteria horrek pneumonia larria eta Pontiac sukarra eragin baititzake


Martes, 5 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 20:47h

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI) legionellosiaren prebentziorako programan, 2016an eta 2017an, estalitako igerilekuak, hotelak eta egoitza-zentro soziosanitarioak ikuskatzea erabaki du, instalazio horiek bakteria hori hedatzeko arriskutsutzat hartzen baitira, pneumonia larria eta Pontiac sukarra eragin ditzakeelako.

Kontrol horiekin indartu egingo da erakundeak ospitaleetan eta hozte-dorreetan egin ohi duen zaintza-programa, eta jarduerari hori bakteria horrek eragindako gaixotasunen kasu zehatzak zehazteko burututako ikerketak ere gehitzen zaizkio, nahitaez aitortu beharrekoak baitira osasun-agintarien aurrean.

Zehazki, NOPLOIk 2016an burututako zaintza-programa indartzeko, egoitza soziosanitarioak ikuskatu ziren, adinekoak edo legionellosiak eragin ditzakeen gaixotasunen aurrean ahulenak diren pertsonak hartzen dituzten zentroak izateagatik. Guztira, 97 zentro ikuskatu zituzten.

Aurten, indartzeko ikuskapenak estalitako igerilekuetan eta hoteletan egin dituzte;guztira 96 jarduera antolatu dira, eta jadanik %70 baino gehiago eginda daude. Era horretan, hidromasajeak dituzten estalitako 23 igerileku berrikusteko prozesua aurreratuta dago, eta 36 ur-lagin hartu dira. Halaber, amaitzen ari da etxeko ur beroaren sistemak kontrolatzeko programa 50 ohetik gorako 42 hoteletan.

Jarduera hori gehitzen zaizkio osasun-sarean egiten diren kontrolak eta 2017an hozte-dorreetan aurreikusitako 21 ikuskapen;jadanik horietan kontrolatzeko 35 lagin hartu dira. Gainera, era horretako beste 10 instalazio dokumentalki auditatzea aurreikusten da. Nabarmendu behar da hozte-dorre horiek NOPLOIk baimendu behar dituela aurrez eta horren erregistroan inskribatu behar direla, autokontrolerako prebentziozko programa jarraitzeaz gain.

NOPLOIk arrisku-instalazioak dituzten zentro guztiei aholkularitza eskaintzen die analisien emaitzen eta hartu beharreko prebentzio-neurrien inguruan.

Eragina Nafarroan

Legionellosia Legionella pneumophila bakteriak eragindako infekzioa da, eta bi gaixotasun-modu sor ditzake: pneumonia larria eta Pontiac sukarra, arinagoa, gripearen antzekoa eta orokorrean azkar sendatzen dena. Nafarroan, iaz, 13 kasu izan ziren, 2015ean 28 eta 2014an 14. Foru Komunitatean aitortutako kasuen kopurua zabukaria da, baina nahiko egonkor mantendu da azken urteetan;azken hamar urteetan batez beste 22 kasu egon dira urtean. NOPLOIk ikertu eta kontrolatzeko neurriak hartzen ditu kasu eta gaixotasunaren agerraldi guztietan.

Legionellosia nahitaez aitortu beharreko gaixotasuna da;beraz, diagnostikatzen duen edozein medikuk osasun-agintarien aurrean aitortu behar du kontrolatzearren. Infekzioa hartzeko arrisku gehien honako hauek dute maiztasun handiagoarekin: gizonek, erretzaileek edo alkoholikoek, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonek, adin nagusikoek edo sistema inmunitarioan urritasunak dituztenek.

Legionellosiaren arriskua duten instalazioen titularrek araudian autokontrolerako ezarritako prebentziozko plana nahitaez jarraitu behar dute;era horretan, aldizka, berrikusi eta garbiketa-lanak eta mantentze-lan higieniko-sanitario egokiak egin behar dira, arrisku-faktoreak saihestearren. Osasun Aginteak instalazio horiek ikuskatzen ditu, kontrol-neurriak egiaztatu eta uretan bakteriaren presentzia izatetik eratorritako arriskuak prebenitzeko helburuarekin.

Nola transmititzen da gaixotasuna

Legionellosia ingurune hidriko naturaletan aurkitzen da, hots, ibai eta lakuetan, kopuru txikian eta baliabide artifizialetan ere bai, ur beroaren hodietan, hozte-dorreetan, hidromasajeko igerilekuetan edo apaindura-iturrietan. Instalazio horietan, bakteriak hazteko eta pertsonentzat infekzio-iturri izateko aldeko baldintzak aurkitzen ditu;hala nola, 20 eta 50 gradu arteko tenperatura, uraren zirkuituetako korrosioa edo inkrustazioak, osasun-arloko mantentze-lan desegokiak edo ura geratzera eramaten duen diseinu okerra.

Bakteria pertsonengana airez heltzen da, aerosol eran, airean hedatutako uraren tanto txikietan, arrisku-instalazio horien funtzionamenduan zehar sortutako behar adinako bakteriekin kutsatutakoetan, bereziki ur beroaren zirkuituetan eta hozte-dorreetan. Hortik aurrera organismoan sartzen dira arnas bidez. Gaixotasuna bi eta hamar egun artean inkubatzen da.

Gaixotasunaren kasuak deklaratzetik eratorritako zaintza-jarduerak

NOPLOIk kasuen deklarazio guztiak aztertzen ditu, kutsaduraren jatorria zehazteko. Horretarako, gaixo bakoitzari egindako inkesta epidemiologikoa berrikusten du;hots, datu klinikoak eta inkubazio-garaian egondako arrisku-instalazioak. Ondoren, ingurumen-arloko ikerketa abian jartzen da, eta detektatutako arrisku-instalazioak ikuskatzen dira, araudiaren barruko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko, eta uraren laginak hartzen dira zein egoeratan dagoen ebaluatzeko, posible bada, gaixoaren Legionellosi andui isolatuak eta ingurumen-arloko laginak alderatzearekin batera, instalazio arduraduna identifikatzearren.

Oso garrantzitsua da legionellosiaren instalazio transmititzaileak garbitzeko, desinfektatzeko eta mantentzeko lanak egiten dituzten langileak trebatuta izatea. NOPLOIk derrigorrezko ikastaroak homologatzen ditu, ezarritako irakaskuntza-baldintzak betetzen badira. Gainera, arrisku-instalazioen mantentze higieniko-sanitarioko jarduerak egiten dituzten enpresek NOPLOIren Erregistro espezifikoan inskribatu behar dute, eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren.

Herramientas de Contenido