Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra
Joana Etxart 'Joanikot' pastoralaren zuzendaria

“Joanikot pertsonaia tragikoa da: egindako hutsak zuzentzen saiatzen da”

Joana Etxart idazle eta historia irakasle mauletarrak idatzitako ‘Joanikot’ pastorala igande honetan eszenaratuko da Iruñeko Baluarte aretoan

Miren Mindegia | Unai Beroiz - Miércoles, 6 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 06:10h

Joana Etxart, pastoralaren idazlea.

Joana Etxart, pastoralaren idazlea. (UNAI BEROIZ)

Galería Noticia

  • Joana Etxart, pastoralaren idazlea.

iruñea- Herri baten iraganaz ari garenean, maiz, azaleko kontaketan gelditu ohi gara. Hasiera eta akabera urteak dituzten gerrak ezagutzen ditugu, errege-erreginen izen zerrendak ikasten, irabazle-galtzaile edo biktima-borrero binomioak errepikatzen. Testu-liburuen ustezko objektibitatearen azala urratuz gero, alta, historia hori erabaki zuten gatazkak bere erraietan bizi izan zuten gizon-emakumeak aurkitzen ditugu. Historiak gordetzen dituen istorioak aurkitzen ditugu. Joanikotena kasu.

Nafarroako erresumak bere independentzia jokoan zuen garai latzenean, gaztelar-aragoitar erresumaren hozkak nabaritzen ari zirenean, Joanikot kapitainak konkistatzaileekin bat egin zuen, Albako dukearen alboan eta Nafarroako erresumaren kontra borrokatuz. Urte gutxi igaro ziren erabakia aldatu zueneko, berriz ere nafar independentziaren alde jarriz.

Joana Etxart idazleak (Maule, 1978), Joanikoten istorioa pastoral formatuan berreskuratu du berriki. Jean-Pierra Rekalteren zuzendari-tzapean, igande honetan Iruñeko Baluarte antzokian ikusteko parada izanen da.

Duela urte batzuk ekin zenion orain Joanikot izenburupean plazaratu den pastorala idazteari. Nolakoa izan da ikerketa historikotik aunitz duen lan hau sor-tzeko prozesua?

-Bai, idatzi dudan lehenengo pastorala izan da. Hasieratik bukaeraraino plazera izan da niretzat lan hau egitea. Denetara, oro har, lau urte inguru eman ditut idazteko. Luzea izan da baina poliki-poliki osatzen joan naiz. Ez nekien, hori bai, norbaitek jokatuko zuen azkenean. Uda honetako afera izan da hori.

Nafarroako erresumaren historiako garai erabakigarrienean kokatzen da istorioa, preziski gaztelarren konkistaren urterik gogorrenetan. Arrazoi bereziren bat izan zenuen testuinguru hauxe aukeratzeko?

-Bai, garaia, testuingurua ikertzen hasi nintzen. Testuinguru historiko hori oso aproposa ikusten nuen pastoral batendako, Nafarroako historia orokorra tragedia bat delako. Ematen ditu denbora interesgarriak: nola lehendabizi Albretekoak saiatzen diren Nafarroa berreskuratzen eta huts egiten duten;berriz saiatzen direla gero, 1521ean, eta lortzen;eta azkenean berriro dena nola galtzen duten. Hiru denbora interesgarriak ematen zizkidan horretarako. Joanikoten aurkikuntza beranduago iritsi zen.

Zergatik aukeratu zenuen, preseski, Joanikot protagonista bezala?

-Hasieran ez nuen pentsatu pertsonaia bakar batean, ikasten ari nin-tzen, garaia ikertzen... Bera hor zegoen. Pertsonaia ezezaguna zen eta gauza interesgarri batzuk eskaintzen zituen bere bizitzak.

Erresumen arteko gerra eta konkista testuinguru honetan Joanikotek bete zuen papera ez zen nolanahikoa izan. Pertsonaia berezia dugu bera, ezta?

-Bandoz aldatu zen pertsonaia izanda, alde interesgarria ematen zuen. Gainera, ez dakigu zergatik aldatu zuen gaztelarren alde borrokatzetik, Nafarroako errege-erreginaren alde egitera. Horrek bere arrazoiak asmatzeko aukera eman zidan, gertatu zen guzti hori interpretatzeko.

Ez zen erraza suertatuko pertsonaia historiko baten garunean sartu eta hau ulertzen saiatzea. Nola azaldu duzu Joanikotek har-tzen duen erabaki hori?

-Nik testuingurutik hartu dut azalpenerako bidea. Nola Katalina Albratekoa saiatzen den Nafarroa berreskuratzen eta huts egiten duen, horren ondorioz sarraski handiak gertatzen dira. Badakit Donapaleun, adibidez, sarraski latzak gertatu zirela, beste herri asko erre zituzten... Horregatik, pentsatu nuen: Joanikotek ondorio horiek ikusita, huts egin duela ondorioztatuko zuela, eta huts hori konpondu nahiko zuela. Joanikot pertsonaia tragikoa da berez, hauetan ematen den elementu bat dauka: huts batetaz konturatu eta hura zuzentzen saiatzen da.

Indarkeria handiko garaia, dudarik gabe. Nola islatzen da guzti hori antzezlanean?

-Garai latza izan zen, bai. Nik pertsonaia gaiztoen bidetik agertu dut indarkeria hori pastoralean. “Euskaldun horiek denak hilko ditugu”, edo “denak menperatuko ditugu” diote noiznahi. Joanikot eta bere lagunen aldetik nola altxatzen diren ikusiko dugu antzerkian.

Pastoraletan ematen den egitura zurruna dela erraten da maiz, formari eta pertsonaiei dagokienez. Emakumeen paperari garrantzi nabarmenagoa eman nahi izan diozu, alde horretatik...

-Emazteen paperak indartu baino, orekatu nahi izan ditut. Pastoralak oso androzentrikoak izan ohi dira eta emakume karguak beti izan ohi dira ama, alaba edo emaztea izatea. Gauza arinak dira, erran nahi dut, idazlearengatik imaginazio gutxirekin landuak. Orekatu nahi izan ditut gizon eta emazteen paperak, emazteentzat pertsonaia interesgarriak sortuz.

Zein irizpide jarraitu duzu horretarako?

-Horretarako, erabili dut komikietan erabiltzen den eredu bat, Bechdel galdetegia. Hiru galdera proposatzen ditu galdetegi horrek: Bi emazte baino gehiago daude? Elkarren artean hitz egiten dute? Gizona ez den zerbaitetaz hitz egiten dute? Saiatu naiz esaten duten hori inteligentea izatea, edo zozoa izatekotan zerbait interesgarria izatea, ez bakarrik gizonen ingurukoa.

Alde horretatik, Hoztako Maia, Joanikoten emaztea nolabait nabarmendu nahi izan duzun pertsonaia horietako bat izan da? Nolakoa da bera?

-Bai. Historia liburuetan gutxi agertzen da bera, bakarrik konkistaren amaieran konkistatu berri den lurra utzi eta Baionara joaten dela dakigu. Bizitza bat asmatu diot nik, bere senarra gerlan delarik berak daraman egunerokoa. Rol aktibo bat eman diot. Senarrak berrogehita piku berseta ditu eta berak hogeitamar baino gehiago... Gutxiago izaten jarraitzen dute, baina bere presentzia nabarmena da.

Pastorala 18 saiotan antolatuta dago eta hiru orduko iraupena dauka, ezta? Zenbat jenderen parte hartzea eskatu du guzti honek?

-Badaude 80 pertsona baino gehiago parte hartzen dutenak, dantzari talde bat aritzen da, baita kantuak ere. Jantziak ere asmatuak izan dira, 10-15 pertsona aritu dira horretan lanean. Jende asko dago atzean, herri guztia mobilizatu da.

Azken aldian pastoral ugari ikusi ditugu Zuberoatik kanpo, hau izan delarik bere sorleku eta inguru naturala. Generoa loratze garaian dagoela erranen zenuke?

-Uste dut lehen ere gertatu izan dela, kanpo emana egon dela, moda baten moduan. Baina egia da nola antzerki forma herrikoia den, sinplea, herri guzti batek parte hartu dezakeena... Oso gauza parte-hartzailea da eta hori da modan dagoen gauza, orokorkiago. Parte-hartzea dago modan, jendarte mailan. Auzolanaren ideia da, nolabait.

Pastoralen formatu horrek, halaber, gure herriaren historiako gertakariak ikasteko eta plazaratzeko aukera ematen du?

-Bai, bide ederra da gure historiaz solas egiteko, funtzio asko ditu pastoralak. Oso aberatsa da, alde horretatik. Badakit Nafarroan, Etxalarren, prestatu dutela beste pastoral bat asteburuan emateko.

las claves

Joana Etxart

‘joanikot’ pastoralaren zuzendaria

Herramientas de Contenido