Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Zeure hiria partekatu, kaleetako bizitasuna helburu. Iruñeak hitzaldiak, erakusketak, lantegiak, ibilbideak, bizikleta-txangoa eta #bizikalea programa prestatu ditu mugikortasunaren hilabeterako

Jarduera-programaren barne aurkeztuko dira Bizikleta eskolan eta Eskolarako bideak programak

noticiasdenavarra.com - Jueves, 7 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 15:11h

Iruñeko Udalak hogeita hamar jardueratik gora prestatu ditu irailerako, mugikortasunarekin loturik: ibilaldiak bizikletaz, mekanika-lantegiak, pasealdiak Taconeran eta Arrotxapean, erakusketak, hitzaldiak eta Bizikleta eskolan, Eskolarako bideak eta Helduentzako pasealdiak trizikloetan programen aurkezpena. Programak barne hartzen du, baita ere, ohiko Europako Mugikortasunaren Astea, irailaren 16tik 24ra bitartean, eta beste bi astetan zehar jorratuko dira horren edukiak, hiriak mugikortasun jasangarriaren alde egindako apustua indartzeko.

Mugikortasunaren hilabetearekin bat eginik, Udalak #bizikalea programa berrabiaraziko du, Buztintxuri eta Donibane auzoetan, non egun batez, irailaren 10ean (igandea) eta 16an (larunbata) hurrenez hurren, Santa Luzia kalea eta Olivako Monasterioaren kalearen tarte bat moztuko baitira, bertan oinezkoendako eremu handia lortu eta zenbait aisia-jarduera egiteko. Bada bestelako berritasun bat ere: zaintzapeko bizikleta-aparkaleku bat paratuko da, irailaren 22tik 24ra, Basotxo kalean, Aldapako San Ferminen festak ospatzera Alde Zaharrera etortzen direnek bizikleta erabil dezaten sustatzeko. Hiri Ekologiako eta Mugikortasuneko zinegotzi ordezkari Armando Cuencak eta Mugikortasun Zerbitzuko arduradun Alexia Cantok azaldu dituzte mugikortasunaren hilabetearen harira prestatutako programaren xehetasunak. Programa horren xedea da, hain zuzen ere, gure gizartean dauden mugikortasun-motak eta -beharrak ikusaraztea.

Horiek horrela, adingabeak, adinekoak, mugikortasun urriko pertsonak edo beren kargura beste pertsona batzuk dituztenak izanen dira programazioaren protagonista, xede harturik mugikortasun unibertsalaren kontzeptua azpimarratzea, non mugikortasuna ez baita soilik lotzen zirkulazioarekin edo joan-etorriekin. Izan ere, horrela lortzen da hiri atseginagoa, irisgarriagoa eta demokratikoagoa, hiri bat non pertsona orori bermatzen baitzaio mugikortasun-eskubidea. Mugikortasunari buruz eta prestatutako programari buruz argibideak emateko etxetxo bat paratuko da Gazteluko plazan, eta bertan izango dira, baita ere, hitzaldiak, lantegiak eta erakusketak. Arretarako ordutegia, 11:00etatik 14:00etara izango da, goizez, eta 18:00etatik 21:00etara, arratsaldez. Izena ematea beharrezkoa den jardueren kasuan, 010 eta 948 420 100 telefonoetara deitu behar da izena emateko.

Esparru publiko partekatua eta mugikortasuna

Esparru publiko partekatua eta mugikortasuna izenburupean bost jarduera antolatu dira gaurtik igandera bitarte, zenbait auzotan: Iturrama, Buztintxuri eta erdialdean. Gaur, ostegunean, 18:00etan, bizikleta-txangoa egingo da Oteizak hirian dituen eskulturak bisitatzeko;20:15ean amaituko da, Ziudadelan, eskultore euskaldunaren obra inspirazio-iturri duen kale-ikuskizun batekin. Bihar, ostiralarekin, 17:00etatik 20:00etara, lantegi tekniko irekia egingo da Iturramako Civivoxean, auzoko hiri-eremuen analisia egin eta hobekuntza-proposamenak egiteko. Lantegia osatzeko, ibilbide bat egingo da larunbatean, Iturramako auzoan barna, aztertzeko zein den auzoaren benetako egoera eta zein faktorek izan dezaketen eragina etorkizuneko proiektuetan erabakiak hartzeari begira, eskolarako bide seguruen proiektuan, esaterako. Larunbatean ere, goizez, Gazteluko plazan, mekanika-lantegi bat egingo da, bizikleten mantentze- eta doitze-lanen inguruan. Eta igandean, berriz ere #bizikalea ekimenaren txanda izango da. Ekimen horren xedea da esparruak oinezko eta ziklistendako berreskuratzea, horretarako, auzoetako errepide nagusiak zenbait orduz zirkulazioari itxi eta bertan jolas-jarduerak antolatzen dira. Igande honetan, hilaren 10ean, Buztintxurin izango da #bizikalea: Santa Luzia kalea itxiko da 08:00etatik 22:00etara eta bertan egingo dira ginkana patinekin, jolasak familiendako, dantzak, auzoko erraldoien konpartsaren irteera eta zezensuzkoa.

Mugikortasuna, adin guztientzat, irailaren 11tik 17ra

Datorren astean, astelehenetik igandera, helduentzako pasealdiak trizikloetan programa aurkeztuko da: Bizikleta, adin guztientzat. Haizea hilean sentitzeko eskubidea. Gazteluko plazan paratutako etxetxoak argibide gehiago emango ditu programaren inguruan, eta pasealdiak Zabalguneko pasealekuetatik eta Arrotxapetik abiatuko dira. Asteartetik ostiralera, Ingurumen Hezkuntzako Museoak dirurik gabeko azoka egingo du mugikortasunarekin loturiko gauzekin (10:00 – 13:00 eta 18:00 – 20:00);eta asteazken eta ostegunean, 18:00etan, lantegi bat egingo da, euskaraz, bizikleten mantenimendu- eta konponketa-lanetarako aholkuak emateko. Ziklo horiez gain, beste jarduera puntual batzuk ere egongo dira. Asteazkenean, 18:30ean, Iturramako Civivoxean, jendaurrean aurkeztuko dira Bizikleta eskolan eta Eskolarako bideak programak;eta egun osoan zehar Txanogorritxu bakarrik dabil, haurtzaroaren birkokapena hirian erakusketa izanen da ikusgai. Ostegunean (hilak 14), 18:00etan, ibilaldi bat prestatu da Arrotxapean;Bernardino Tirapu kalearen eta Marcelo Celayeta etorbidearen bidegurutzetik abiatuko da eta Felix Rey Bakaikoa –Paseando entre árboles liburuaren egilea– izango da gidaria.

Ostiral arratsaldean, hitzordua, berriz, bizikletarekin: pasealdia eginen da harresietan eta Ziudadelan barna, 18:00etan hasita, Gaztelugibeleko Biziz geltokitik abiatuta. Eta larunbat goizean, 11:00etatik 14:00etara, patinei buruzko mekanika-lantegia eta jolasak egongo dira Gazteluko plazan, argibidegunearen ondoan. Larunbatean ere, #bizikalea dela eta, zirkulazio-mozketa izanen da La Olivako Monasterioaren kalean –Urdazubiko Monasterioaren kalearen eta Belateko Monasterioaren biribilgunearen artean–, 08:00etatik 22:00etara. Denbora-tarte horretan honako hauek izango dira: biziginkana, tren turistkoa, futboleko ateak eta saskibaiko saskiak, erraldoiak, haurrendako jolasak, magia eta entzierroa ur-zezenarekin, besteak beste. Asteko agendari buru emateko, igandean, haur eta familiendako bizikleta-martxa egingo da Gazteluko plazatik Nafarroako Unibertsitate Publikora. Helmugara iristean, jolas jarduerak topatuko dituzte parte-hartzaileek: lantegiak, puzgarriak eta bide-segurtasuneko zirkuitu bat, haurrendako.

2017ko Mugikortasun astea: Partekatuz beti harago iritsi.

Irailaren 16tik 24ra, berezko Europako Mugikortasunaren astea ospatuko da, zeinaren leloa, aurten, Partekatuz beti harago iritsi baita. Asteazken (hilak 20) eta ostegun (hilak 21) arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara, lantegi bat egingo da, gaztelaniaz, bizikleten mantentze- eta konponketa-lanetarako aholkuak emateko, Ingurumen Hezkuntzako Museoan. Asteazkenean, gainera, hitzaldi bat egongo da, non mugikortasun jasangarria jorratuko baita, ikuspuntu feminista batetik. Ostiralean (hilak 22), Autorik gabeko eguna izango da, eta lehentasuna emango zaie bizikletekin zerikusirik duten jarduerei. 10:00etan, mugikortasun elektriko eta jasangarriari buruzko erakusketa zabalduko da: bizikletak, segwayak, monozikloak eta gurpil-aulkiak.

Arratsaldean, 18:00etan, bizikleta-ibilbidea eginen da Arga ibaiaren pasealekuan, Zezen-plazako Biziz geltokitik abiatuta Miluzeko zubiraino. Horrez gain, ostiraletik igandera bitarte, eta Aldapako San Fermineko ospakizunekin bat eginik, mugikortasun jasangarriaren alde egin eta zaintzapeko bizikleta-aparkaleku bat paratuko da, aldi baterako, oinezkoen eremu bihurtu den Basotxo kalean. Ostiraleko 17:00etatik igandeko 22:00ak arte egongo da zabalik. Larunbat goizerako hitzaldi-erakustaldi bat antolatu da, Ez diezazutela bizikleta lapurtu izenpurupean, non giltzarrapoen segurtasun-sistemak azalduko baitira, eta bizikleta-lapurrek horiek hausteko erabiltzen dituzten trikimailuak erakutsi.

Azken astean, mugikortasun eta irisgarritasun unibertsala protagonista

Hilabeteko azken astean, irailaren 25etik urriaren 1era bitarte, beste zazpi jarduera antolatu dira. Hilaren 27an (asteazkena) ate irekien eguna izango da Descalzos kaleko 23 eta 27ko bizikleta-aparkalekuan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Egun berean, 13:00etan, Askatasun plazan, CERMIN eta ONCEko ordezkariek ikus-minusbaliotasuna duten pertsonen gaineko sentsibilizazio-jardueren erakustaldia egingo dute.

Arratsaldean, 18:30ean, NAPIn hitzaldi–solasaldia egingo da irisgarritasun unibertsala eta oztopo arkitektonikoak hizpide hartuta, ONCE Nafarroako Lurralde Batzordeko lehendakari Valentín Fortúnen eskutik. Ostiralean (hilak 29), bizikleta protagonista izango da berriz ere: emakumeentzako hiri-ziklismoko lehenengo ikastaroa egingo da (Helduentzako Bizieskola), Ingurumen Hezkuntzako Museoan. Arratsaldean, 18:35ean, beste bizikleta-ibilbide bat egingo da, Donejakue bidean barna, Zezen-plazako Biziz geltokitik abiatuta. Programazioa larunbatean itxiko da: skater mekanika-lantegia eta erakustaldia egongo dira, Gazteluko plazan, 11:00etatik 14:00etara, eta, baita ere, pasealdia Taconeran, bertan dauden zuhaitzak eta ingurumen-balioak ezagutzeko. Ibilbideak ordu eta erdi iraungo du, Arazuri Doktorearen pasealekutik abiatuko da, eta Félix Rey Bakaikoa arituko da gidari.

Herramientas de Contenido