Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Txupinazoarekin lehertuko da festa

Antzerki Eskolako kideek botako dute suziria gaur, 19.00etan, eta Rodeo eta Willis Drummonden kontzertuak izango dira

2017(e)ko irailaren 7a, osteguna - 06:11etan eguneratua

Txupinazoa bota zen unean plaza bete-beterik, iaz.

Txupinazoa bota zen unean plaza bete-beterik, iaz. (A. R.)

Galería Noticia

  • Txupinazoa bota zen unean plaza bete-beterik, iaz.

Zestoa- Gaur hasi eta igandera bitartean festa giroa izango da nagusi Zestoan, eta zekorketak ikusi ahal izateaz gain, hainbat aukera izango dituzte zestoar nahiz kanpotarrek jaietan murgiltzeko.

Festa gaur bertan hasiko da 19.00etako txupinazoarekin, eta aurten, nobedade gisa, herritarrek aukeratu dute suziria nork botako duen. Hala, Zestoako Antzerki Eskolako kideek izango dute festak iragartzeko ardura, eta horren ondoren, herriko banda, buruhandi eta txistulariekin kalejira izango da. Ordu berean, tradizioari eutsiz, Parrokiko Abesbatzarekin meza egingo da parrokian, eta jarraian, Ama Birjinari Salbea abestuko zaio.

Ondoren, 21.00etan, euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen eskubideen aldeko herri afaria egingo da plazan bertsolariekin, Kalera-kalera ekimenaren barruan, eta gauerdian Rodeo eta Willis Drummond musika taldeen kon-tzertuek emango diote amaiera lehen egunari. Lehen taldea zestoarra da eta musika iradokitzailea, bizi-bizia eta boteretsua egiten dute, eta bigarrena, berriz, Baionan sortutako rock taldea da.

Bihar ere festak ez du etenik izango eta zekorketaz gain, zenbait ekitaldi izango dira. Hasteko, dultzaineroen diana eta Idiakaitz txistulari taldearen diana izango dira, 9.00etan eta 10.00etan, eta ondoren Musika Bandaren eta Idiakaitz txistulari taldearen kalejira izango da, Goizeko izarra martxaren doinuekin. Meza Nagusiaren (12.00) eta Bandaren kontzertuaren (13.15) ondoren arratsaldeko ekitaldiak hasiko dira: olinpiadak, zekorketa, eta Tximeleta taldearen dantzaldia. Eta egunari amaiera emango dio 22.30ean jokatuko den pilota jaialdiak eta Tximeletaren dantzaldiak (23.30).

Larunbat eta igandean, besteak beste, paella lehiaketa, baltsa jaitsiera, puzgarriak eta apar festa izango dira. - A.R.

Herramientas de Contenido