Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

“Biluziago sentitzen naiz idazten mikrofono aurrean baino”

Miren Amurizak irabazi du XX. Igartza Saria ‘Paperezko txoriak’ eleberriaren laginarekin

Viernes, 8 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 06:11h

Miren Amuriza, Igartza Sariarekin, atzo Beasainen.

Miren Amuriza, Igartza Sariarekin, atzo Beasainen. (Argazkia: Gorka Estrada)

Galería Noticia

  • Miren Amuriza, Igartza Sariarekin, atzo Beasainen.

donostia- Bertsolaritzarengatik da ezaguna, baina zutabegintzan ere ibili da azken urtean;gainera, haurrentzako literaturan pausuak eman ditu. Miren Amuriza (Berriz, 1990) aski ezaguna da euskal kulturan, baina orain beste urrats bat eman du bere ibilbidean: XX. Igartza Sariaren irabazlea da eta datorren hilabeteetan bere lehen eleberria idatziko du. Beasaingo Udalak eta Elkar argitaletxeak ematen duten beka lortu du Paperezko txoriak nobelaren laginarekin.

“Pausu berri bat emango dut orain eta asko motibatzen nau”, adierazi zuen atzo Amurizak. Azaldu zuenez, orain arte, bertsotan “bat-batean eta kanpora begira” aritu da eta orain, liburuarekin “barrura” begiratu behar izan du: “Ariketa oso intimoa da”. “Biluziago sentitzen naiz idazten mikrofonoaren aurrean baino”, onartu zuen. Hala ere, Amurizak lotura bat ikusi du bi jardunen artean, izan ere, idaztekoan ere “oso bertsolaria” dela aipatu zuen: lagina bakarrik aurkeztu duen arren, istorioaren nondik norakoak jada argi ditu, bukaera bat buruan izan behar baitu proiektuarekin lanean hasi baino lehen.

eleberriaSabina izeneko 80 urte inguruko emakume baserritarra da Paperezko txoriak liburuko protagonista. Bere buruaz beste egiten saiatuko da eta horrek “bere familiako piezak mugituko ditu”. Amonaren suizidio saiakerak bere alaba Karmele eta biloba Oihal nahastuko ditu.

Sabinaren iraganean arakatzeaz gain, zaintzaren gaia da nagusi eleberrian. “Pertsonaia bakoitzak modu ezberdinean kudeatzen du besteak zaintzea”, azpimarratu zuen. Honekin loturik, bakardadea ere agertzen da nobelan: “Nire ustez, derrigorrezko ikaskuntza bat da, momenturen batean guztiok egiten dugu topo geure buruarekin”, azaldu zuen. Askatasunaren gaia ere ageri da Amurizaren lanean;liburuko pertsonaiek uste dute hau lor-tzeko, harremanak moztu egin behar direla, baina egilea ez dago ados: “Harreman sanoak sortu behar dira, zerk egiten digun ondo ikusi behar dugu”, azaldu zuen.

Protagonista 80 urteko emakume bat izatea ere ez da kasualitatea. “Baserriaren eta tradizioen gaia interesgarria iruditzen zait, zaharraren eta berriaren artean dagoen talkarengatik eta lehengo belaunaldiei sortzen dien antsietatearengatik”, nabarmendu zuen, hau “modu agoniko batean” landuko ez badu ere.

Egiturari dagokionez, gutxi gora behera erabakita dauka eta lau zati izango ditu. “Lehenengoa, marea gora izango da eta krisiaren ataria azalduko du;hurrengoan, krisia landuko da, suizidioa;hirugarrengoa berreraikuntza izango da;eta azkenik, hurrengo krisi baten ataria erakutsiko dut”, azaldu zuen Amurizak, bere ustetan bizitza “zerbait ziklikoa” da eta.

Idazkera ere argi du: “Ahalik eta deskriptiboena egingo dut, ez dut idazkerak istorioa jatea nahi”, azpimarratu zuen bertsolari bizkaitarrak. Hirugarren pertsonan idatziko duen arren, saltoak emango ditu lehen pertsonara, pentsamenduak edota esaera laburrak gehitzeko. “Mendebaldeko euskalkia erabiltzen saiatuko naiz, horrek izaera bat emango baitio istorioari”, gaineratu zuen. - M. Esnaola

Herramientas de Contenido