10.000 liburuxka, auzokide, merkatari, garraiolari, ostalari eta gremioei azaltzeko urriaren 10ean indarra hartuko duen Alde Zaharrera sartzeko sistema berria

Herritarren Segurtasuneko eta 010ekoarreta indartuko da, zalantzak argitze aldera eta izen-emateak jasotze aldera – 4 egunetan 1.100 baino gehiago izan dira

Viernes, 8 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 17:17h

Iruñeko Udalak datorren astetik aurrera berariazko informazio-kanpaina bat abiatuko du auzokide, merkatari, garraiolari, ostalari eta hainbat gremiotako langileei azaltzeko Alde Zaharrera sartzeko kontrol-sistema berriaren funtzionamendua, zeina hiriko erdialdea atsegin egiteko planaren barruan baitago, eta urriaren 10etik aurrera abiatuko den. Kanpaina honen ardatza liburuxka bat da non azalduko den, 20 kasu praktikoren bidez, zertan datzan sistema hau eta zeintzuk izango diren aldaketak. Liburuxka horren 10.000 ale banatuko dira datorren asteartetik aurrera posta arrunt eta elektroniko bidez, eta kanpaina osatzeko kontsultak egin ahal izango dira honako bide hauen bidez: 010 telefonoa, www.plandeamabilización.com webgunea, Herritarren Segurtasuneko aurrez aurreko informazioa, Gazteluko plazako argibide-gunea, eta asteburu honetan hasiko diren bisita gidatuak.

Sistema berri honen bizkarrezurra auzoko sarrera eta irteeretan paratuko diren matrikulak irakurtzeko hamahiru kamerak izango dira, eta oinarrizko hiru premisa izango ditu: lehenik eta behin, gaur egun Alde Zaharrean aparkatzeko bizilagun-txartela duten ibilgailuek zuzenean hartuko dute alta informatika-sisteman;bigarrenik, gainontzeko ibilgailuek alta hartu beharko dute sisteman www.plandeamabilización.com webgunearen bidez;eta hirugarrenik, baimendutako ibilgailuak seinaleztatutako tokietan aparkatzeko denbora tarteak, batez beste 15 minutukoak izango dira. Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako zinegotzi ordezkari Aritz Romeok eta Alorreko zuzendari Xabier Ibañezek gaur goizean aurkeztu dituzte Alde Zaharrera sartzeko kontrol-sistema berriari buruzko xehetasunak.

Izen-emateak jasotzeko eta sistemaren abiatzeak sor ditzakeen zalantzak argitzeko, Udalak 010 telefonoaren harrera-zerbitzua indartuko du (5 langile gehiagorekin), bai eta Herritarren Segurtasunean altak kudeatzeko zerbitzua ere (4 langile gehiagorekin). Halaber, datorren ostiraletik aurrera izen-emateak kudeatzeko aldi baterako arreta bulego bat sortuko da, urriaren 15era arte, non aurrez hitzordua eskatu beharko baita. Sortzen diren zalantza guztiak argitu ahal izatea da helburua, bai eta datu baseak sortu eta kudeatzeko modu azkar eta eraginkor bat bermatzea ere.

21 baimen-mota eta, gehienez ere, orduko 20 kilometro

Sistemak lau baimen-mota nagusi ezartzen ditu: bizilagunentzat, 70 urtetik gorako bizilagunentzat, mugikortasun urriko pertsonentzat, merkataritza-establezimenduentzat, eta zamalanetarako. Halaber, honako hauek sartu ahal izango dira Alde Zaharrera: garaje-tokien jabeak, aparkaleku pribatu zein publikoetako titularrak, ostalaritza-establezimenduak, obra, etxe-aldaketa eta etxez etxeko konponketa-lanetako langileak, larrialdietarako ibilgailuak, autotaxiak, bidaiarien ohiko garraio publikoa, Administrazio Publikoaren ibilgailu ofizialak, Iruñeko Udaleko zerbitzuen emakida duten enpresak, premiazko zerbitzu teknikoak, etxez etxeko janari-banaketako langileak, ekitaldi-ospakizunak eta Guardiako farmaziak. Halaber, aipatutako horiek ez diren beste egoera berezi batzuetarako baimenak eman ahal izatea aurreikusita dago, eta Udaltzaingoak aztertuko ditu.

Prestatutako dokumentazioak ere Alde Zaharrean barna zirkulatzeko baldintzak nabarmentzen ditu bereziki. Oinezkoek beti dute igarotzeko lehentasuna, ibilgailuen gehieneko abiadura orduko 20 kilometrokoa izango da, eta oinezko asko ibiliz gero, debeku izango da zirkulatzea. Auzokideek 15 minutuz aparkatu ahal izango dute seinaleztatutako kaleetan, salbu eta 1. sektoreko bizilagun-txartela izan eta alde berdean aparkatzen badute;baina ezin izango dira Alde Zaharrera edozein lekutatik sartu: helmuga zein den eta hortik gertuen dauden sarbideetatik sartu beharko dute. Azkenik, espezifikoki aparkatzeko erreserbatutako tokirik ez dagoen kaleetan, ibilgailuek (batez ere zamalanetakoek) kaleko eskuin aldean aparkatuko dute, hilabete bikoitietan, eta ezkerrekoan, hilabete bakoitietan, beti ere fatxadatik gutxienez 1,5m-ko tartea gordeta, portaletatik sartu eta atera ahal izateko.

Hiru berrikuntza zirkulatzeko, 20 kasu praktiko eta txandakako bi aparkaleku

Banatuko den liburuxkak urriaren 10etik aurrera Alde Zaharrean barrena zirkulatzeari dagokionez egongo diren hiru berrikuntza nagusiak jasotzen ditu: Kale Nagusia irteteko soilik izango da;noranzkoa aldatuko da Sanduandia eta Errekoleten kaleetan;eta igaro ahal izango da Zapateriatik Calceteros eta Txapitela kaleetan barna Gazteluko plazara.

Halaber, 20 kasu praktiko planteatzen dira, sor daitezkeen zalantzak argitze aldera. Horien artean nabarmentzekoak dira larrialdi egoeretako jarduketak, hala nola etxean bakarrik dagoen edo erori den pertsona bati laguntza ematekoak, guardiako farmaziara joan behar izatea eta mugikortasun urriko pertsonen bila joatekoak. Lehenengo hiru kasuetan arazorik gabe sar daiteke, sistema informatikoari sarreraren berri emanez 72 orduko epean. Laugarren kasuan, aldiz, mugikortasun urriko pertsonei dagokionez, bi ibilgailurentzako alta har daiteke horretarako, baina ezin dira biak aldi berean sartu Alde Zaharrera.

Merkataritzari, zamalanei, etxeak berritzeko lanei edo ekitaldiak antolatzeari dagokienez, kasu praktikoek agerian uzten dute merkatariak izango direla bezeroei sarbidea emango dietenak erositakoa bolumen handikoa bada kargatzeko, eta gainontzeko kasuetan inolako arazorik gabe sartu ahal izango dela, sisteman alta hartuta dagokion epigrafean (adibidez, “zamalanak”, edo “obra, etxe-aldaketa eta etxeko konponketa-lanak”). Halaber, San Domingo kaleko eta Larrainako aparkalekuek txandakakoak izaten segitzen dutela argitzen da, oraingo baldintza berberekin.

Bederatzi sarbide, sei aterabide, eta 13 kamera

Liburuxkak ere azaltzen du urriaren 10etik aurrera auzora sartzeko bederatzi sarbide egongo direla: San Domingo, Frantziako portalea, Labrit kalea, Estafeta, Espoz y Mina, San Ignazio etorb., Sarasate pasealekua, Ziudadela kalea eta Kale Berria Eta aldi berean, sei aterabide egongo dira: Hezkuntzako alboa, Frantziako portalea, Labrit kalea, Sarasate pasealekua, San Anton kalea eta Kale Nagusia.

Kontrolatzeko kamerak hamabi tokitan paratuta daude jada: Vergel kalean, Frantziako portalerako sarbidean (sartzeko eta irteteko kontrola);San Domingo kalean, Hezkuntzako eraikinaren atzeko aldean (irteteko kontrola);San Domingo kalean, Hezkuntzako eraikinaren eta Nafarroako museoaren artean (sartzeko kontrola);Kale Nagusia eta Taconera kalearen elkargunean (irteteko kontrola);Kale Berria eta Taconera kalearen elkargunean (sartzeko kontrola);San Anton eta Ziudadela kaleen elkargunean (irteteko kontrola);Navas de Tolosa eta Chinchilla kaleen elkargunean (irteteko kontrola);Sarasate pasealekuan, Diputazioaren ondoan (sartzeko kontrola);Espoz y Mina eta Ahumada Dukearen kaleen elkargunean (sartzeko kontrola);Estafeta eta Ahumada Dukearen kaleen elkargunean (sartzeko kontrola);Labrit eta San Agustín kaleen elkargunean (irteteko kontrola);eta Labrit eta Merced kaleen elkargunean (sartzeko kontrola).

1.100 izen-emate jasota, lau egunetan

Azkenik, Herritarren Segurtasuneko Alorreko arduradunek atzo eguerdira arte izandako izen-emateen berri eman dute (prozesua joan den irailaren 4an abiatu zen, astelehenarekin). Datuen arabera, 1.098 ibilgailuk hartu dute alta sisteman. Egunka, astelehenean izan ziren izen-emate gehien (508 izen-emate);asteartean, 255;asteazkenean, 246;eta atzo, 89. Kolektiboka, Alde Zaharreko bizilagunek egin dituzte gehienak (347);jarraian, merkataritza-establezimenduen eskaerak daude (159);zamalanetako langileena (125);garaje-tokien jabeenak (97);eta mugikortasun urriko pertsonendako aparkatze-txartel eskaerak (91).

Erdigunea atsegin egiteko planaren aplikazioari buruz, Udaltzaingoak bi gai nabarmendu ditu: batetik, lehen lau egunetako normaltasun jarraia, ez baita arazo handirik edo auto-ilararik izan (hein batean udaltzainen lan onari esker);eta bestetik, Erdialdea atsegin egiteko planaren helburuak betetzen ari direla pixkanaka. José Alonso kalearen kasuan, zirkulazioa % 90 murriztu da aurrekoarekin erkatuta.