Euskal Jaiak euri eta aterkipean

Eguraldiaren iragarpenak argi utzi zuen: egun guztirako euria zegoen emanda. Tarte batzuetan euriak atseden hartu zuen arren, aterkiarekin eta zeruari begira pasa zuten Euskal Jai Eguna zarauztarrek;hori bai, irribarrea galdu gabe.

Ane Rotetaren erreportajea. Argazkiak Esti Veintemillas - 2017(e)ko irailaren 10a, igandea - 06:11etan eguneratua

Iturengo tunturroak Zarauzko kale guztiak alaitu zituzten goizean zehar.

Iturengo tunturroak Zarauzko kale guztiak alaitu zituzten goizean zehar.

Galería Noticia

Iturengo tunturroak Zarauzko kale guztiak alaitu zituzten goizean zehar.

Iritsi zen Zarauzko Euskal Jai Eguna, zarauztarren festa kuttuna, urte osoan gogoz eta ilusioz espero duten egun berezia. Luzaroan egun horren zain egon ostean, euriaren iragarpenak bete-tzeko beldur ziren herritarrak, eta zoritxarrez, prebisioak ez zuen hutsik egin eta euria izan eguneko protagonistetako bat. Baina trikiti doinuak ez ziren ixildu, eguraldi txarrari aurre egiten dakitela erakutsi zuten atzo zarauztarrek, eta aurtengoan ere ere, baserritar jantziek apaindu zuten herria.

Ohi bezala, goizean goiz hasi zen eguna, Goiztiarrak taldearen irteerarekin eta txistulari, trikitilari, dultzaineroekin eta, nola ez, Iturengo tunturroekin, eta pixkanaka herria jendez betetzen zihoan ahala heldu zen eguneko ekitaldia nagusia: Alproja taldearen antzerkia.

Aritzbatalde kiroldegiko frontoia guztiz bete zen eta Alprojaren ‘Galtzanblea’ obrak 1.050 pertsona bildu zituen

Eguraldia zela eta, zoritxarrez emanaldia ez zen Munoan egin eta Aritzbatalde kiroldegiko frontoiak hartu zuen taldearen Galtzanblea obra. Aurten 40. urtez igo da oholtzara taldea eta herritarrentzat antzerki emanaldia tradizioa bihurtu da Euskal Jai Egunean. Egun horretan faltatu ezin duen ekitaldia. Eta Munoatik kiroldegira mugitu behar zuten arren, arrakastatsua izan zen berriro ere eta 1.050 pertsonentzako lekua bete egin zen.

Horren ondoren, Zarauzko Udalak bigarren urtez antolatzen duen orga lehiaketaren sari banaketa izan zen Lege Zaharren enparantzan, eta 13 talderen artean Pako Astigarragaren karroa izan zen garaile. Iñigo Arrillagak, berriz, epaihamaiaren saria irabazi zuen (iaz sari nagusia irabazi zuen). Bien bitartean, Musika Plazan eta udaletxeko plazan erromeriek jarri zuten jendea dantzan, eta eguerdi aldean euriak atseden bat hartu eta eguzkia atera zen. Festaz gozatzeko aukera hori ere aprobetxatu zuten kuadrillek eta Barren plazan, potea-tzeko topagunean, elkartu ziren gazte ugari. Arratsaldean, euria eta aterguneak tartekatzen ziren bitartean, Iñurritzara lekualdatu zen erromeria giroa, eta Salberdineko aparkalekuan ere Gurekin Jaik antolatutako egitarauarekin gozatu zuten gazteek.

Bestalde, nobedade gisa, euskal musikaz osatutako gaztetxoentzako disko festa izan zen gaztelekuan, eta gauean ere festak ez zuen etenik izan eta denentzako aukerak izan ziren: batetik, Musika plazan erromeria izan zen;bestetik, Munoan dantzaldia Trikiteens taldearekin;eta azkenik, kon-tzertuak Salberdineko aparkalekuan (Koban, Zezenaren taldea eta DJ Jotatxo).

Orain bai, Euskal Jai Egun ederra ospatu ondoren agur esan diote zarauztarrek uda denboraldiari (eguraldi aldetik gehiegi portatu ez den arren), eta ziur dagoeneko batzuk hasi direla hurrengo urterako eguraldi ona eskatzen...