Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Abiatu ofizialtasunaren trena

Paul Bilbao, Kontseilua;Xabi Gartzia, AEK euskaltegiak;Joxerra Olano, IKA euskaltegiak;Josu Reparaz, Nafarroako Ikastolen Elkartea - Sábado, 16 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 06:10h

AHTren egitasmoak krisia eragin omen du Nafarroako Gobernua sustengatzen duen laukoan, hurrengo aurrekontuen babesa zalantzan jartzeraino.

Ordea, ez dugu ezagutu horrelako tinkotasunik euskaldunoi duintasuna itzuliko digun Euskararen Lege berri bat eskatzeko orduan. Joan den ekainean, eremu mistoa osatzen duten herrien kopurua nabarmen haztea onartu dute, Legeak funtsean duen bazterkeriari eusteaz batera. Iritzi kontrajarriak entzun dira Gobernua sustengatzen duen laukoaren partetik, batzuen posibilismoari besteek suharki erantzun baitiote, gogoraziz, Legeak ez dituela asetzen udal eta herritar askoren nahiak, eta sakoneko arazoa hizkuntza eskubideen eskualdekatzea dela, fikziozko mugak jartzen dituelako.

Hizkuntza eskubideen eskualdekatzeari eutsiz, muzin egin zaio euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzeko euskalgintzaren urteetako aldarrikapenari. Baina hori baino larriagoa da euskaldunokin egiten ari den bidegabekeriari eutsi izana. Hizkuntza eskubideen zonifikazioari eutsiz, bazterkeriara eta frustraziora kondenatu gaituzte. Ez da zilegia, eta badakite.

Horregatik, hitz suharrak baino urratsak nahi ditugu. Legea ez ordezkatzeko aitzakia nagusia bere jarrera izan bada ere, orain Ezkerra prest azaldu da Nafarroa osoan ofizialtasuna ezarriko lukeen beste lege bat negoziatzeko. Beraz, abia dezatela euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora eramateko trena.

Herramientas de Contenido