Nafarroako historia ikastaroa, abian

Nabarralde Fundazioak eskaintzen duen online ikastaroaren edizio berrirako izen-ematea irekita dago jada

Miren Mindegia - Domingo, 17 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 06:10h

iruñea- Nabarralde Fundazioak Euskal Herriko Historia online ikastaroaren edizio berri bat martxan jarri du, urriaren 5ean abiatuko dena. Izen-ematea dagoeneko irekita dago eta fundazioaren webgunean bete daiteke, irailaren 30a arte. Nafarroako Ikastolen Elkartearen laguntzarekin, Nafarroako Gobernuak homologatutako ikastaroa da.

Aste bateko iraupena duten bederatzi modulu edo gaitan antolatutako ikastaroa IkasNabarralde plataformaren bitartez eskainiko da. “Moduluetako bakoitza itzal handiko historialariek zuzendutakoa da”, adierazten dute Nabarraldetik, “besteak beste, Joseba Asiron, Idoia Arrieta, Mikel Sorauren edota Jean Louis Davant”. “Nafarroako historiaren mugarriak” izan diren gertakarietan sakontzen du ikastaroak: historiaurretik hasi eta 36ko gerraraino, Orregako batailatik, 1200 eta 1512ko konkistetatik edota karlistadetatik igarota.

“Historia da gizarte batek bere buruaz egiten duen kontakizunaren osagarri garrantzitsuenetako bat. Narrazio argumentatu bat eskaintzen du eta zentzua ematen die gizartearen jatorri, garapen eta baldintzei”, azaltzen du Angel Rekalde, Nabarraldeko zuzendariak. “Euskal historiako gertaera eta data gogoangarriak, oroimen lekuak, lurraldetasuna, identitatea, ondarea... ikasgai honetan landuko diren alorretako batzuk besterik ez dira”.

Ikastaroa, fundaziotik adierazten dutenez, “gaian interesa duten edo beraien jarduna garatzeko prestakuntza behar duten irakasle zein hezkuntza munduko profesionalei” zuzentzen zaio, baita “beraien heziketa pertsonal eta kulturaleak sakondu nahi duen edonori”.

Ikastaroa e-learning ikaskuntzan oinarritzen da, “ikaslea ikaskun- tza prozesuan laguntzeko baliabide ugariak eskaintzen dituelarik”. “Ikasgaiak sarrera bideo batez, ikasgaiaren zuzendariak landutako edukiez eta gehigarriz osatzen da”, azaltzen du Nabarralde Fundazioko zuzendariak.