Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

‘Neo paleo’ horiek

Por Bixente Serrano Izko - Domingo, 17 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 06:10h

Ideietan ‘neo’ aurrizkidun guztiek zapore zaharmindua dute. ‘Neo’ek ez dituzte ideia zaharrak berriztatzen, ideia zaharrak trastelekutik berreskuratu eta, koskak hautsa eta guzti, birkokatzen dituzte euren garunetan. Neoliberalismoa dugu gaurko paradigmarik gaurkoena: XIX. mendeko liberalismoa du eredu eta xede. Aberatsek bakarrik bozka egin eta aberatsen gobernuek bakarrik agintzen zuteneko eredua amesten dute. Bai behintzat neoliberal lotsagabeenek, aho bilorik gabe eskaera hori ozen adieraztera iritsi baitira. Eta enpresariek langile sindikatuak onartzen ez zituzteneko eredua ere euren ametsetan. Praktikan dago jada enpresa erraldoi askotan sindikatuen debekua enpresarien eta langileen askatasunaren izenean. A zer pagotxa Frantziako neoliberalismoarena, herritarrek Errepublikaburu nor jartzeko Macron neoliberal eta Le Pen neofaxistaren artean hautatu behar izan zutenean! Hor dugu jada Macronen lan-erreforma, enpresari eta langileen arteko kontratuetan sindikatuei parte hartzeko eskubidea kentzen diena. XIX mendeko lan eredu gordina en marche berriro XXI mendean.

Ez dirudi gaurko ezkerreko ideietan ‘neo’ aurrizkidun planteamendurik dagoenik, ez behintzat izenetan, nik dakidanez. Baina ez dago hain garbi mugimendu ezkertiarrak horrelako atzerapausoak ematen ari ez direnik, ‘neo’ aurrizkia jarri gabe ere euren ideologia eta estrategien izenetan. Hala ere, ideia ‘paleo’en aldera jotzen ari dira asko, en marche berauek ere XIX mende aldera. Adibidez, espainiar estatu eremuko indar politiko ezkertiarrak, Kataluniak gaur atakan jarri dituenean Estatu eta Nazio ereduak zurrunbiloaren erdian. Ezkerra tradizional ofizialean (PSOE), baina baita ere, neurri nahasiago batean, urte gutxi duela loratu den bertze horretan (Podemos). Euren ereduari ez diote jarri honako izena, ‘neoengelsianismo’ alegia, baina neoengelsiano agertzen zaizkigu Engelsek formulaturiko historiarik gabeko herrien teoriaren inguruan: Historiaren zakarrontzira kondenaturiko herriena, euren ezinean. Erdialdeko Europako mapak zer dio gaur, ordea?

Entsalada mental ederra, gatzozpindua gainera nazionalismoak burgesien ideologia hutsak direlako ideia zaharkituarekin. Kataluniako gaurko mugimendua bertako burgesiaren amarru hutsa dela dioten aho beraietatik entzun ahal ditugu, alta, enpresari katalanek alde eginen dutela estatu berri horretatik, erreferenduma egin eta independentziaren aukerak irabaziz gero. Hori koherentzia hori, entsalada mental horrena! PSOEren lider ustez erregenerazionistak PPko zaldien apatxen azpian jarri du mugimendu katalana. Podemosen liderrak, atzo arre, gaur so, han so, hemen arre erraten dabiltza. Lekutan dago autodeterminazioaren aldeko aldarrikapenak PSOEn, Guadianako begiak bezala agertzen desagertzen dabil Podemosena bere ibilbidean. Neoengelsianismoa PSOEn, espainiar burgesia neoliberalaren bidaide… Nahaste-borraste argiezina Podemosen, izutuago, dirudienez, burgesia katalan isolatuaren aurrean estatu espainiarreko burgesia batu osoaren aurrean baino.

Herramientas de Contenido