‘Bi Txirula’ filmaren zuzendaria

Iñigo Garcia: “Izpirituz librea den filma osatu dugu”

Ane Urrutikoetxea - 2017(e)ko irailaren 18a, astelehena - 11:49etan eguneratua

Iñigo Garcia.

Iñigo Garcia.

Galería Noticia

Iñigo Garcia.

Bi txirula bere lehen fikzio-film luzea aurkeztuko du zumaiarrak Zinemaldian;bi lagunen bidaia oinarri hartuta, ikusleak gogoetara gonbidatuko dituen pelikula egin du. Lanbidez arkitektoa bada ere, aurretik ibili izan da kamerarekin saltseatzen;besteak beste, Big Boy dokumental faltsua egina du.

Zure lehen filma Zinemaldian aurkeztera zoaz. Nola hasi zenuen abentura hau?

Proba modura hasi genituen lehen grabaketak;aurretik ibili izan naiz hainbat labur grabatzen, baina orain arte film luzerik egin gabea nintzen. Tabakalerako zinema saioetako hitzaldietan hainbat zinegileri entzundakoak animatuta ekin nion proiektu honi;ikusi nuen egingarria zela buruan bueltaka nuen hori.

Eta zer zen buruan zenuena?

Hasieratik bi gauza izan ditut argi;paisaia eta protagonistak. Segituan, burura etorri zitzaizkidan Jon eta Iker;biak lagunak ditut, eta aktoreak ez diren arren, bikote paregabea osatzen dute pantailan. Hortik aurrera, izpirituz librea den filma osatzen joan gara;hasieran ez nuen garbi funtzionatuko zuen edo ez, eta beraz, pixkanaka erroda-tzen joan gara, ondoren egindako lana errepasatuz, eta amaierara arte ia ez dugu jakin nolako filma izango zen. Pausoka egindako lana izan da;prozesuak bi urte iraun dituen arren, errodatzen 16 bat egun eman ditugu. Amaiera abuztuan izan zen, eta orduan bai, izan genuen egun batzuk jarraian errodatzeko aukera;orduan sentitu nuen benetan zer den film baten grabaketan murgiltzea.

Galdutako bi gizon, bidaia bat, paisaia ikusgarriak, musika… trailerrak ez du pista askorik ematen filmaren inguruan.

Trailerrak azaleratzen duen moduan, filmak bi pertsona ditu ardatz, eta horien bidaia kontatzen du. Leku hobe baten bila doaz, etengabe bidaiatuz;baina bidaia egitearen arrazoia ez da filmaren ardatza, bidai horrek sorrarazten duen atmosfera baizik, bien arteko elkarrizketak, bizirauteko egin behar dutena, bidaiak berak ikuslearengan sortuko duen hausnarketa... hori da filmaren esentzia, eta horregatik, hasierako minutuak ez dira oso argigarriak izango;ikuslearen arreta bilatzen du filmak.

Esku gutxiren artean egin duzue ‘Bi txirula’. Zaila al da halako proiektu bat aurrera atera-tzea?

Ez da erraza. Ni arkitektoa naiz lanbidez, eta aktore lanetan ibili diren Jon eta Iker ere ez dira aktore profesionalak. Beraz, bi urteko prozesua izan den arren, soilik 16 egun erabili ditugu errodatzeko, denok kointziditzen genuenean, alegia. Bestalde, finantziazioa lortzea ere ez da erraza izan, ez baitugu dirulaguntzarik jaso. Egia da nik neuk ez nuela prozesu burokratiko horietan denbora eta energia galdu nahi, eta tramite horiei denbora eskaini ordez, zuzenean filmean inbertitu dut, gidoia prestatuz eta filmatuz. Lan hau gertukoen borondate onari esker atera da aurrera;jende gutxik parte hartu dugu prozesuan, baina eroso sentitu naiz modu honetan lanean.

Zinemaldian izango zarete. Zer suposatzen du zuretzat lana jaialdi honetan estreinatzeak?

Ilusio handiarekin bizi dugu;estreinatzeko unea gerturatzen zen heinean urduritasunak gora egingo du, eta beldur pixka bat ere nabari dut. Dena den, gauza onak ere bizi izan ditugu;esate baterako, Aitor Arregi Handia filmaren zuzendaria gisako jendearekin egoteko aukera eskaini dit filmak, eta gainera, gure pelikula pantaila handian ikusiko da. Ez dakigu noraino iritsiko garen, baina beste jaialdietara zabaltzea gustatuko litzaiguke.

Musika eta paisaiak zaindutako elementuak dira filmean;horiek ere pertsonaiak ote dira?

Horrela interpretatu daiteke. Musika oso soila da, pertsonaietako batek txirula jo-tzean entzun daitezkeen doinuek osatzen dute. Paisaiaren kasuan berriz, hasieratik argi izan dut non errodatu nahi nuen, eta hainbatetan grabatu aurretik hurbildu naiz lekura, bertan egun batzuk pasa eta ingurua ezagutzeko. Zumaiako txoko kuttunenak aukeratu ditut, eta baita Canfranceko estazio zaharra edota Yesako zingira;leku horiek biak ederrak dira, baina bertako natura hilak eta dekadentziak beti sentiarazi didate zerbait. Aralarren ere ibili gara. Grabaketarekin neguan hasi ginenez, filmak urtaroz urtaro bidaiatzen du kronologikoki, istorioarekin bat eginez.

Nola ikusten duzu euskal zinemagintzaren egoera?

Meritua dute zinegintzan dabiltzan guztiek. Borondate eta ilusio handia dago jendearen lanaren atzean, baina industria honetan aurrera egitea ez da erraza. Nire kasuan egindako esfortzua handia izan da, honetan gauden guztiona moduan. Laguntzak berriz, eskasak dira;deialdi batera 50 proiektu aurkez daitezke, baina horietatik soilik bi bultzatzen badira, gainontzekoak beharbada ez dira gauzatuko.

Zinemagile moduan ikusiko zaitugu etorkizunean?

Urteak daramazkit mundu honetan gauzatxoak egiten, baina ez dut uste hau lanbide bihurtzerik izango dudanik. Film hau ilusio handiz egin dugun arren, sekulako esfor-tzua izan da guztiontzat. Bi aldiz pentsatu beharreko gauza da, oso zaila baita indarra eta ilusioa mantentzea.

Más sobre Cultura

ir a Cultura »