Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra
zinea

Ohorezko butaka euskal zinemarentzat

Euskal zinemagintzak eskaintza zabala prestatu du Donostiako 65. Zinemaldirako;Euskal Herrian sortutako hamalau film aurkeztuko dituzte, eta horietatik zortzi euskaraz dira. ‘Handia’ filma Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko da Sail Ofizialean

Ane Urrutikoetxea - 2017(e)ko irailaren 18a, astelehena - 11:43etan eguneratua

‘Handia’ filmaren fotograma.

‘Handia’ filmaren fotograma.

Galería Noticia

  • ‘Handia’ filmaren fotograma.
  • ‘Areka’ animaziozko lanaren fotograma.

Euskal Zinemak geroz eta garran-tzi handiagoa hartu du azken urteotan Donostiako Zinemaldian, eta zabalkunde hori inoiz baino nabarmenagoa izango da aurten, 65. edizioan. Alfonbra gorrian izango dira Euskal Herrian ekoi-tzitako hamalau film, eta horietatik zortzi euskaraz izango dira.

Dena den, horietako batek, Telmo Esnalen Dantza filmak hain zuzen, ekoizpen prozesuan jarraitzen du, eta jaialdiak aurten estreinatuko duen Glocal in Progress sailean eskainiko dute;Europako hizkuntza ez-hegemonikoez errodatutako filmak babestea da sail berriaren helburua. Esnal dagoeneko beteranoa da, eta aurrez hainbat lan aurkeztu ditu Zinemaldian: Aupa Etxebeste! (Zuzendari Berriak, 2005), Amona putz! (Zinemira - Euskal Zinemaren Panorama, 2009), Urte berri on, amona! (Zabaltegi-Zuzendari Berriak 2011) eta Iraila (Kalebegiak, 2016).

Ohorezko butaka lortu dute euskal ekoizpeneko filmek aurten, jaialdiko sail ezberdinetara zabaltzea lortu baitute, kategoria bakarrean pilatu ordez. Hala, euskaraz ekoitzitako filmetatik bat Sail Ofizialean izango da, Urrezko Maskorra lortzeko lehian;Aitor Arregi eta Jon Garaño zuzendarien Handia filma. Moriarti ekoiztetxekoek ondo dakite zer den lehia horretan egotea, Loreak filmarekin lehia berdinean egon baitziren 2014an. Euskal Herrian ezaguna den Altzoko Handiaren kondaira du ardatz fikziozko ekoizpen honek. Urrezko Maskorraz gain, Handia filma Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko ere lehiatuko da, beste sei filmekin batera: Akelarre, Areka, Bi txirula, Elkarrekin-Together, Euritan eta Nur eta herensugearen tenplua.

Hain zuzen, Zinemiran estreinatuko dituzte aipatutako filmetako batzuk. Bertan izango da Igor Otxoa, Pablo Iraburu eta Migueltxo Molinaren Elkarrekin-Together film dokumentala;Euskal arkeologoen espedizio batek AEBko ekialdean hutsik dagoen irla urrun batera egindako bidaia kontatzen du Otxoaren filmak. Aspaldiko dokumentu batzuen arabera, euskal balea-arrantzaleen eta bertakoen arteko lankidetzarako elkargunea izan zen leku hura. Ikusleak espedizioko kideekin batera joango dira filmari esker, eta haiekin batera mundu berri bat deskubrituko dute.

Hastapenetan dagoen proiektua da Akelarre;1609ko Euskal Herrian girotua, Pablo Agüerok zuzenduko du filma. Argumentuaren arabera, hogei urteko neska talde batek lehen aldiz parte hartuko du basoko festa batean, gauean. Egunsentian atxilotu egingo dituzte. De Lancre epaileak, sorginkeria leporatuko die.

Zinemaldian debuta eginez, sail berdinean estreinatuko dute Iñigo Garciaren Bi txirula. Mundu berri baten bila doazen bi lagunen bidaia kontatu du Garciak;protagonistak Jon Elizalde eta Iker Hazas dira, eta parte hartzea izan dute Jon Garciak, Kandido Urangak eta Amaia Goikoetxeak ere. Txori migratzaileak bezala, hainbat paisaia igaroko dituzte protagonistek, bizitzaz hausnartuz.

Juanba Berasategik bere azken filma aurkeztuko du: Nur eta herensugearen tenplua. Berasategik Toti Martinez de Lezea idazlearen pertsonaia literarioan oinarritutako animazio-filma zuzendu du, Nurren abentura harrigarria irudi biziekin kontatuta.

LABURREAN EMANKOR

Film laburrek beti izan dute presentzia nabarmena Zinemaldian, eta aurten ere, Zinemira-Kimuak atalean eskainiko dituzte. Euskarazko bi lan egongo dira sail horretan: Irati Gorostidiren eta Arantza Santestebanen Euritan eta Atxur animazio taldearen Areka, biak Irizar sarirako hautagaiak. Gorostidik eta Santestebanek Itxaro Bordak 1985ean idatzitako Klara eta biok narrazioa berrikustea proposatzen dute Euritan filmean;egilea bere iraganeko hitzen aurrean jarrita, euskal nortasunaren inguruko harreman periferikoaren gaineko begirada eguneratu dute. Atxu animazio taldeak berriz, frankismoak utzitako mamuen inguruko istorioa proposa-tzen du Arekarekin: Euxebiri aita hil zioten gerran. Haren bila urteak eman eta gero, azkenik hobia ireki dutenean, argazki bat utziko du Euxebik bere aitaren hezurren ondoan.

Azkenik, Zabaltegi-Tabakalera sailean estreinatuko du Koldo Almandozek Plagan (Izurria) film laburra. Lan hori ere Zinemira-Kimuak sailean izango da, eta izenak berak dioenez, animalia edota landare populazioei kalte larriak eragiten dizkieten espezie bereko izaki bizidunen agerpen masibo eta bat-batekoa suposatzen duten izurrien metaforaz mintzatuko da bere lanean.

Herramientas de Contenido