Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

dantza, musika, ...

Irailaren 29an hasiko da Garaikide arte zikloa

Euskaraz ekoiztutako dantza, musika eta antzerki emanaldiak biltzen ditu programa berriak

Miren Mindegia | Unai Beroiz - Martes, 19 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 06:10h

Maider Beloki Iruñeko Udaleko kultura zinegotzia eta Iñaki Azkona euskara koordinatzailea atzo, ekimenaren aurkezpenean.

Maider Beloki Iruñeko Udaleko kultura zinegotzia eta Iñaki Azkona euskara koordinatzailea atzo, ekimenaren aurkezpenean. (UNAI BEROIZ)

Galería Noticia

  • Maider Beloki Iruñeko Udaleko kultura zinegotzia eta Iñaki Azkona euskara koordinatzailea atzo, ekimenaren aurkezpenean.

iruñea- Euskaraz ekoizten den arte garaikideak bere tartea izango du Iruñean, irailaren 29tik urriaren 25a bitartean. Izan ere, Udalak ziklo berri bat antolatu du, Garaikide, non dantza, musika, antzerkia edota performanceak eskainiko diren. Emanaldiak zitadelan, Kondestablean, Iturramako Civivoxean eta Nafarroako An-tzerki Eskolan eskainiko dira, Maider Beloki Iruñeko Udaleko kultura zinegotziak eta Iñaki Azkona euskara koordinatzaileak atzo azaldu moduan.

Asier Zabaletak zuzendu eta 5 dantzariz osatutako Ertza Dantza Konpainiak emango dio hasiera Garaikideri, irailaren 29an, ostiralarekin, 19.30ean, Iturramako civivoxean. Diziplina anitzeko Hariak obra aurkeztuko dute. Dantza garaikideak, tamaina errealeko txotxongiloek eta Harkaitz Canoren testuek bat egiten dute istorio errealak kontatzeko.

Mursego eta Amorante izanen dira erakusketaren bigarren proposamenaren protagonistak. Kon-tzertua irailaren 30ean izanen da, 19.30ean, Iturramako civivoxean. Mursego da Maite Arroitajauregiren bakarkako proiektuaren izena, eta Amorante, Iban Urizarrena. Bi musikariek Banpiro maitaleak ikuskizuna aurkeztuko dute.

Zer abesti eta zein hizkuntzatan abestuko du protagonistak? Horra Miss Karaokeabangoardiako an-tzerki-proposamenaren oinarria. Hortik abiatuta, Metrokoadroka Kolektiboa &Pez Limbo taldeak -Oier Guillánen testuarekin- hausnarketa bat egin nahi du umorea eta absurdua oinarri hartuta jakiteko zerk definitzen dituen pertsonak edo nortasuna aukeratu ote daitekeen. Nafarroako An-tzerki Eskolan izanen da, urriaren 4an, asteazkenarekin, 20.00etan. Leku eta ordutegi berean, baina urriaren 10ean, asteartearekin, Beheko Larraine taldeak Atte hil aurretik lana aurkeztuko du, Maika Etxekoparren zuzendaritzapean eta Miren Tirapu sortzaile eta protagonista ari delarik. Baserri bateko inauteriak eta jada hilda dagoen amatxi batek kontatutako ipuin bat dira istorioaren oinarri.

Ikuskizun hauetaz gain, Garaikidek ikasleendako goizeko eskola-emankizunak eskainiko ditu urriaren 16an eta 17an. Vaivén Producciones taldeak -Gayarre Antzokia Fundazioarekin elkarlanean- Treblinkara azken trena obra taularatutako du. Bi goizetan ikasleendako antzeztu ondoren Ziudadelako Arma Aretoan ikusi ahal izanen da, doan, urriaren 17an, asteartearekin, 20.00etan. Obrak 200 haur juduren istorioa kontatzen du;1942an Varsoviako umezurztegi batean bizi dira haur horiek, haien lege eta araudi propioekin bat, harik eta uztera behar-tzen dituzten arte, trenez Treblinkako kontzentrazio-esparrura joateko. Arma Aretoko beheko solairua haurren barrakoia izanen da, eta ikusleek eszena zuzenean ikusiko dute, barrakoiko ohatze eta mahaietan egongo diren artistekin nahastuta.

Erakusketaren dantza garaikideko bigarren proposamena Idurre Azkue dantzariak eta Berako Joseba Irazoki musikariak aurkeztuko dute urriaren 23an, astelehenarekin, 19.30ean, Kondestable Civivoxaren Areto Gotikoan. Dan-tzagurea obraren oinarria dantza-tzea bera da, bai eta sortzen duen askatasun-espazioa eta soinuaren eragina gorputzean ere.

Zikloari amaiera emateko, Horman Poster taldeakIragan perfektua performanceaaurkeztuko du, urriaren 25ean, asteazkenarekin, 19.30ean, Kondestable Civivoxaren Areto Gotikoan.

Treblinkara azken trena obrako momentu batean. Argazkia: Vaivén Producciones

GARAIKIDE

Gertza Dantza Konpainia. Hariak. Irailak 29, ostirala: Iturramako civivoxa. Sarrerak: 5 euro.

Mursego eta Amorante. Banpiro maitaleak. Irailak 30, larunbata. 19.30. Iturramako civivoxa. Sarrerak: 5 euro.

Metrokoadroka Kolektiboa &Pez Limbo. Miss Karaoke. Urriak 4, asteazkena. 20.00. Nafarroako Antzerki Eskola. Sarrerak: 5 euro.

Beheko Larraine. Atte hil aurretik. Urriak 10, asteartea. 20.00. Nafarroako Antzerki Eskola. Sarrerak: 5 euro.

Vaivén Producciones S.L. Treblinkara azken trena. Urriak 17, asteartea. 20.00. Ziudadelako Arma Aretoa. Sarrerak: 15 euro. Goizeko eskola-emanaldiak urriaren 16an eta 17an. Gayarre Antzokia Fundazioarekin elkarlanean.

Idurre Azkue eta Joseba Irazoki. Dantzagurea. Urriak 23, astelehena. Kondestable civivoxaren Areto Gotikoa. Sarrerak: 5 euro

Horman Poster. Iragan perfektua. Urriak 25, asteazkena. 19.30. Kondestable Civivoxaren Areto Gotikoa. Sarrerak: 5 euro.

Herramientas de Contenido