Kote Guevara Urkiola Balazta, bidasoako bizikletaren aldeko elkarteko kidea

“Hiri bakoitzeko lanketa egiteaz gain, eskualdeko mugikortasuna eztabaidatzea funtsezkoa da”

Balazta elkarteak eta Hondarribiko Udalak, elkarlanean antolatu dituzte datozen egunetako Mugikortasun Iraunkorraren Asteko ekimenak.

Xabier Sagarzazu - 2017(e)ko irailaren 19a, asteartea - 06:11etan eguneratua

Kote Guevara Urkiola

Kote Guevara Urkiola (Xabier Sagarzazu)

Galería Noticia

Kote Guevara Urkiola

Hondarribia- Hondarribiko liburutegiko arduradunaren aurpegia jarriko diote hondarribiar askok 58 urteko Kote Guevarari. “Lanera eta alde guztietara” bizikletaz mugitzeko ohitura du eta duela urtebete Balazta elkartea sortu zenetik, honetan ere ari da lanean, beste zenbait kiderekin batera. Atzo, Juan Luis Silanes zinegotziarekin batera, Mugikortasunaren Asteko ekimenak aurkezten jardun zen Guevara.

Zer da datozen egunetarako Udalarekin batera antolatuko duzuena?

-Mugikortasun iraunkorrak gauza asko ditu barne, baina aurten, bizikletaren erabilera eta honek bestelako garraioekin eta oinezkoekin duen harremana izango dira programaren ardatz. Ostegunean, 19.00etan Kultur Etxean, Ander Irazusta geografo eta aholkulari aditua gonbidatu dugu, Oinezkoa eta bizikleta, mugikortasunaren kudeaketaren ardatz gisa: Erronkak eta aukerakizenburuko hitzaldia emateko, eta han bertan, Balaztatik azken asteetan antolatu dugun argazki lehiaketaren sari-banaketa ere egingo dugu. Gero, larunbatean, 10.00etatik 14.00tara, Butron pasealekuan, Bizikleta Feria xume bat egingo da. Mekanika tailerra, trialsin erakustaldia, ginkana umeentzat, bizikleta elektrikoak probatzeko aukera eta hiriko denden erakusketa-postuak ere izango dira. Eta azkenik, igande goizean, 10.30ean, Bizikleta Martxa egingo da, Damarritik atera, Mendeluraino joan, gero kirol kaira buelta eta San Pedro kalean amaitzeko. Jendea animatu nahiko genuke guzti hauetan parte hartzera.

Udalarekin elkarlanean antolatu badituzue ekintza hauek, harreman ona edo egokia duzuenaren seinale. Nolakoa izan da urte honetako harreman hori?

-Harremana ona dela esango nuke, bai. Zenbait bilera izan ditugu iaztik hona eta Udala entzuteko prest egon da beti. Balaztatik, gainera, etxeko lanak egin eta txosten bat ere aurkeztu genuen, bizikletaren erabilerarako hobekuntza eta neurri zehatzak proposatzen zituena. Hori lantzen aritu gara denbora honetan eta Udala prest ikusi dugu pausoak emateko. Aurtengo aurrekontuan, adibidez, 200.000 euro sartu dira bidegorriak egiteko eta dena ondo joaten bada, negu aldera hasiko da Kopatik Talaia-Bordari eskolarainoko bidegorriaren obra. Eta aurrerago beste gauzak ere etorriko direlakoan gaude, baina Mugikortasun Mahaia sortzen denean, honen senean landu beharko dira, bizikleta ezin baitugu hirian mugitzeko beste eretatik banatu eta denak batera landu behar bait dira, oinez ibiltzea, bizikleta, garraio publikoa zein automobilaren erabilera.

Balazta sortzea Amutetik Irunera, Mendelun barrena bidegorria eskatzeak bultzatu zuen. Nola dago gai hau une honetan?

-Irun eta Hondarribia artean jende asko ibiltzen da bizikletaz, eta Mendelu pasatzean tentuz ibili beharra dago. Errepidea estua da,trafikoa haundia izaten da eta beldurrez ibiltzen da jendea handik, espaloira igotzen ez badira. Guk, bidegorria jartzea edo abiadura 30 kilometrotara murriztea eskatzen genuen... Gauza da bide hori Aldundiaren menpekoa dela. Izan gara hango teknikariekin hizketan, baina gauzak poliki doaz. Badago ere Mendeluko industrialdearen atzeko aldetik Hondarribia, Irun eta Hendaia lotuko dituen Badiako Bidearen proiektua... Baina geldituta dago gauza, eta Mendeluko zati honi lehentasuna eman behar zaiola uste dugu.

Hiri barneko bidegorrien sarea osatzeaz gain, zein beste eskaera egin diozue Hondarribiko Udalari?

-Bidegorriez gain, bizikletan seguru ibiltzeko seinaleztapena hobe-tzea eskatu dugu, bereziki bertikala, zebra bideetan eta beste zenbait puntutan ere. Eta txirrindentzako aparkaleku gehiago jartzea ere proposatu diogu Udalari.

Bidasoako Bizikletaren Aldeko Elkartea zarete, baina Hondarribian egindako lanagatik zarete ezagunak. Ba al duzue Irunen ere lanketa egiteko asmorik?

-Gure elkartea berez Hondarribian sortu zen eta badira gurekin zenbait irundar ere. Momentuz ez dugu Iruni buruzko lanketarik martxan jarri baina ni haratago joango nintzateke. Egia da hiri bakoitzak badituela bere ezaugarri eta baldintzak eta horiek kontuan hartuta lanketa egin behar dela. Baina eskualdeko ikuspegia ere eman behar zaio mugikortasunari. Gure artean, Hendaia, Irun eta Hondarribia artean jende asko mugitzen da eta ikuspuntu hori ere jorratu behar da, derrigorrez.