Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Hirugarren Karela Festa egingo da larunbatean Orion

Haur eta helduentzako jaialdi solidarioan bildutako dirua Juneren Hegoak elkartera bideratuko da

Ane Roteta - 2017(e)ko irailaren 21a, osteguna - 06:12etan eguneratua

BPXport-eko Onintza Arregi eta Akier Legorburu, eta Caixabankeko Aitor Hoyos, atzoko prentsaurrekoan.

BPXport-eko Onintza Arregi eta Akier Legorburu, eta Caixabankeko Aitor Hoyos, atzoko prentsaurrekoan. (Ane Roteta)

Galería Noticia

  • BPXport-eko Onintza Arregi eta Akier Legorburu, eta Caixabankeko Aitor Hoyos, atzoko prentsaurrekoan.

Orio-Orioko Karela kiroldegiak jaialdi solidarioa antolatu du aurten ere eta, hirugarren urtez, haur nahiz helduentzako egitarau zabala izango da egunean zehar. Hala, Juneren Hegoak elkartearen aldeko festa izango da larunbat honetan, Orioko Udalak eta Caixabankek babestuta, eta jaialdian bildutako dirua emango diote elkarteari.

Juneren Hegoak elkarteak gaixotasunak dituzten haurren familiei eskaintzen die laguntza, eta elkarte hori zergatik aukeratu duten azaldu zuen atzoko prentsaurrekoan BPXport-eko Onintza Arregik: “Gustuko dugu beren lan egiteko filosofia, familiei laguntza eta babesa eskain-tzen zaielako”.

Akier Legorburuk, Karela kiroldegiko zuzendariak, bere aldetik, adierazi zuen jaialdiaren helburua ahalik eta parte-hartzaileena izatea dela, “elkarteari laguntza ekonomikoa eskaintzeaz gain, ahalik eta oihartzun handiena emateko, eta fundazioa eta beren lana ezagutzera emateko”.

Egitarau nagusia arratsaldean 15.00etatik aurrera izango den arren, egun osoan zehar haur nahiz helduentzako padel txapelketa egingo da egun osoan zehar. Bestalde, arratsaldeko festa saskibaloi jaurtiketa lehiaketarekin hasiko da, eta 15.30etik aurrera haurrentzako uretako puzgarriak jarriko dituzte igerilekuan. Antolatzaileek zehaztu zutenez, jarduera horretarako ezinbestekoa izango da igeri egiten jakitea. Haurrentzako egitarauarekin jararituz, 16.30ean indoor triatloia izango da (korrika, arraunketa eta bizikleta), eta hori amaitzean, haurrek eskalada egiteko aukera izango dute. Ondoren, 18.15etik 19.45era jolasak eta tailerrak izango dira.

Helduen egitarauari dagokionez, saskibaloi jaurtiketa lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute haurrekin batera (15.00), eta Indoor triatloia egiteko aukera ere izango dute. Antolatzaileen arabera, distan-tziak edonork egiteko modukoak izango dira.

Bestalde, 18.15etik 19.00etara zumbatoia egingo da eta 19.00etan jump eta ciclo saioak egingo dira aldi berean. “Bi jarduerek musika bera erabiliko dute aldi berean eta uste dugu giro polita sortzeko aukera ematen duela”, zehaztu zuten. Amaitzeko, errifa solidarioa eta zozketak izango dira.

Jardueraren batean izena emateko orio@bpxport.es helbide elektronikora idatzi edo 943 894 428 telefonora deitu behar da.

Herramientas de Contenido