Jon Agirresarobe Txapelketako koordinatzailea

“Bazkideek ematen diguten sostengua ezinbestekoa da”

Sábado, 23 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 06:11h

Iruña- Kezka eta buruhauste andana dute egunotan Txapelketa Nagusiko antolatzaileek, hainbeste publiko eta arreta mediatiko erakartzen duen ekitaldian ezinbestekoa baita detaile guztiak arretaz zaintzea. Hala ere, Jon Agirresarobek garbi dauka bertsolaritzaren ekosisteman katebegi bat gehiago dela txapelketa, Euskal Herriko txoko guztietan egunero egiten den lan gogotsuaren emaitza.

Txapelketa ez dela lau urteroko ekimen isolatua diozue.

-Bertsolaritzaren ekosistema zabala da, ekimen asko daude, txapelketaren hauspo direnak. Txapelketa ezin dugu ulertu bera bakarrik. Urtero bi mila saio baino gehiago egiten dira Euskal Herrian. Gainera, hezkuntza arautuan eta bertso eskoletan gazteak zaletzeko ahalegina egiten dugu eta ikerkuntzan ere ari gara azken urteetan.

Aurten lehenengoz, zazpi euskal herrialdeek hartuko dute gutxienez saio bana. Nahita bilatu duzue ala berez etorri da?

-Errealitate baten erakusgarri da, bertsolaritza, gaur egun, herrialde guztietan lantzen da, tokian tokiko berezitasunekin. Horregatik, lanean ari garen leku askotara iritsi nahi izan dugu.

Bertsolariak izango dira txapelketako protagonistak, baina atzetik jende asko ari zarete lanean, ezta?

-Bertsolarien ahalegina izango da hemen handiena, gaur egun txapelketara ateratzea lan nekeza da: tentsioa, prestakuntza... horri esker proiektu kolektibo hau aurrera doa, denok gara proiektu honen parte, Bertsozale Elkartearen bueltan antolatzaile talde handi bat biltzen gara, 20 lagun inguru. Kanpotik ere laguntzaile mordoxka izaten dugu: Bertso eskolak, hedabideak, kultur elkarteak eta abar.

Aurten Bertsozale Elkarteko bazkideei erraztasun gehiago emango dizkiezue sarrerak eta bonoak erosteko. Zergatik?

-Ematen diguten sostengua ezinbestekoa da guretzat. Gero eta gehiago gara Bertsozale Elkarteko bazkideak, gaur egun 2.300 gara, eta are gehiago izan nahi genuke. Nolabait, urtez urte ematen diguten babes hori erakutsi eta indartu nahi izan dugu. Hiru abantaila nagusi prestatu ditugu beraientzat. Batetik, sarrerak merkeago erosi ahal izango dituzte;bestetik, urriaren 2ra arte, finalaurreko eta finalerako sarrerak bazkideek bakarrik erosi ahal izango dituzte;azkenik, txapelketako abonua aurten bazkideek baino ezin dute erosi, hori berritasun nabarmena da. - Dabi Piedra

Últimas Noticias Multimedia