Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Gezur hezurretik

Luis XV.a

Por Aitzol Elizaran - Domingo, 24 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 06:11h

Galería Noticia

Nahiko tipo jatorra omen zen Luis XVI.a Frantziakoa eta Nafarroakoa. Tokatu zitzaion garairako behintzat bai, edo hobe esanda, ez zen bereziki tiranoa izan, testuingurua kontuan hartuta. Iraultza-garaia bizi izan zuen, eta bere familiak, anai barne, alde egitea erabaki zuenean, berak ez zion erregetzari uko egin. Iraultzak ekarritako hainbat eta hainbat aldaketa onartu behar izan zituen, nahiz eta esan beharra dagoen ia beti bigarren edo hirugarren saiakeran onartu ohi zituela, eta beti presiopean. Marie Antoniette-ren eta anaien eraginpean omen zegoen.

Anai-arrebek, tartean gerora Luis XVIII.a izango zenak, ospa egin zuten Frantziatik, etorriko zenaren beldur edo, eta inguruko erreinuetan Frantziaren aurkako gerra hauspotzeari ekin zioten. Ez zuen berebiziko lanik izan egia esan, ingurukoek galiarren iraultza usaintzerako ehiza zakurrak baina agudoago jarri baitziren defentsa moduan, gero erasora pasatzeko, noski. Herrialde horiek urrutiko intxaurrak hamalau baina gehiago zirela ulertu zuten, eta garaiko epidemiak zabaltzen ziren abiadura ikusita, Frantziari eraso egitea erabaki zuten, iraultzako bolbora zabalduko ote zenaren beldur. Ziur aski trukean zerbait jasotzeko asmoa ere izango zuten, mahai azpitik. Honek Luis XVI.a are gehiago kondenatu zuen, lepoa galtzeraino.

Ezarritako ordenari aurre egiteak norberarengan beldurra sortzen badu, pentsatu ordena hori mantentzen dutenei zer sortuko dien. Ondo dagoena ez ukitu badaezpada ere, edo hobe, kontrolpean dudana ez nahastu. Hori bera pentsatuko zuen Trump-ek Nazio Batuen aurrean hitzaldia egiterako garaian, enbarazu egiten dion guztia astindu baitzuen. Ipar Korea, Iran eta Venezuelari eskuminak bidali zizkien, eta baten bat suntsituko zuela ere esan zuen, bere horretan jarraitzen bazuen. Munduaren epailea izango da gizon hau, herrialde bat edo beste txikitzea erabakitzen badu, azken honek zerbait gaizki egingo balu.

Bizilagunaren gainetik misilak bidaltzea ez dago ongi, ados, eta kalte handia sor lezake gainetik bakarrik pasa ez eta bertan joz gero, guztiz gaitzesgarria;baina hori ez egitearren suntsipenarekin mehatxatzea ez zait bada gauzak lasaitzeko modua iruditzen. Eskolako jolastokiko harroputzarena dakarkit burura. Arrain ertainak arrain txikiari baloia kendu, eta arrain handiak ertaina jipoitzen duenekoa, justiziaren izenean. Nork eman dio handienari epaitzeko ahalmena, nork ikuskatuko du honen epaiak garbiak eta justuak ote diren ala ez?

Denok dakigu Luis XVI.ak nola amaitu zituen bere egunak. eta ez ditut gauden mende honetan, XVIII. mendean plaza publikoan egiten zirenak defendatuko ez eta proposatuko ere, giza eboluzioak eta iraultzak ekarritako arrazonamenduak nahikoa eragin izan baitute gugan zorionez;baina azpitik presio puntu bat sentitzea ez letorkio gaizki bati baina gehiagori, handitasun horretan umilago jokatzeko, Ipar Ameriketaraino joan gabe.

Herramientas de Contenido