Guraso Eskola martxan jarriko dute Ibarran

Hilean saio bakarra izango da eta interesatuek izena eman ahal izango dute urriaren 2tik 11ra bitarte

Miércoles, 27 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 06:11h

Ibarra- Aurten ere guraso eskola martxan jartzeko ahalegina egiten ari dira Ibarran. Ana Elosegi psikologo klinikoak zuzenduko du eta urriaren 23an hasiko da.

Gurasoen Eskola prestakuntza orokorreko programa da eta guraso guztiei dago zuzenduta, haur eta nerabeen heziketaren arloko gai ugariren inguruan informazioa eta laguntza emateko helburuarekin. “Programa honen oinarria gurasoak izateko eginkizun zailarekiko errespetua da, eta haurren garapen egokia sustatzen saiatzen da, abiapuntutzat hartuta informazio nahikoa duten eta babesturik sentitzen diren gurasoek hobeto egin diezaieketela aurre seme-alabak hezteak dakartzan jarduera eta eratzukizunei”, azaldu dute. Saioen egitura teoria-praktika binomioan oinarritzen delarik, talde ariketen eta dinamiken bidez gauzatuko dira.

Hilean saio bat izango da, ordu eta erdikoa, urritik maiatzera bitarte. Ordutegiari dagokionez, astelehenetan izango da 17.30etik 19.00etara eta 19.00etatik 20.30era. Bi talde izango dira, bat HH eta LHkoa eta, bestea, DBHkoa.

Matrikulak 65 euro balio ditu eta urriaren 2tik 11ra bitarte egin beharko da ordainketa 2095 5043 94 1060024667 kontu zenbakian. Matrikula gauzatzeko ordain-agiria eraman behar da Udaletxeko Gizarte Zerbitzuetara. - M.S.S.