San Migelei hasiera emango diete eskualdeko hainbat tokitan

Altzaga, Gaintza, Urtsuaran eta Lazkaon gaur hasiko dituzte festetako ekintzak

2017(e)ko irailaren 29a, ostirala - 06:11etan eguneratua

altzaga- Goierriko lau herritan ospatzen hasiko dira San Migeletako festak. Joan den astean ere izan ziren ekintzak, eta oraingoan ere egitarau zabala antolatu dute.

Altzagan, esaterako, gaur ekingo diete ospakizunei meza nagusiarekin, 12.00etan. Ohiko legez, bazkaria egingo dute eta bertsolariak eta trikitilariak ere gerturatuko dira Altzagara. Bihar mozorrotuen eguna izango da eta gaia baserria izango da. Egunean zehar imaginazioari tartea emango diote eta gauean herri afaria egingo dute. Etzi amaituko dituzte San Migelak kirol erakustaldia eta sagardo dastaketarekin.

Gaintzan ere hiru eguneko festei emango diete hasiera gaur. Altzagan bezala, 12.00etan egingo da meza nagusia. Jarraian txupinazoa, eta 13.30ean hamaiketakoa egongo da. Iluntzean ekitaldiekin segiko dute eta 19.00etan mozorrotutako poteoa egingo dute. Herri afariak (21.00) eta Play-back lehiaketak (23.00) beteko dute eguna. Gaualdean, Elizagoien Ahizpak abeslariak jarriko dute giroa. Bihar fronteniseko finala 12.00etan jokatuko da eta puzgarriak (17.00) eta patata tortila lehiaketa (18.30) eta herri afaria (21.00) egongo dira. Igandean, txirrindulari igoera izango da goizean. Iluntzean, mondejua eta ardoa eskainiko dituzte eta II. argazki lehiaketa ospatuko da.

Idiazabalgo Urtsuaran auzoan ere San Migelak ospatuko dituzte. Gaur 20.00etan mondejua, gixatua eta ardi txuletak jateko aukera egongo da. Ondoren, mus azkar lehiaketa egingo dute. Bihar, berriz, meza nagusia egingo da eta segidan txistulariak, bertsolariak eta trikitilariak. Arratsaldean, jolasak, txokolate jana eta pailazoak egongo dira;18.00etan, aldiz, bertsolarien saioa. Igandean herri kirolak 12.30ean hasiko dituzte eta 14.00etan herri bazkaria egingo da. Jaia amaitzeko, 17.00etan toka txapelketa izango da.

Lazkaon, goizean haurrentzako jolasak, eskolaumeen pilota txapelketa eta meza nagusia egingo dituzte gaur. Iluntzean, buruhandiak aterako dira Antzar Gazteak txistulariekin batera. Ondoren, herri afaria izango da, 21.00etan hasita. Fito&Fipaldis taldearen abestien bertsioak egiten dituen Wilson&Wilsonetis taldea ere izango da 19.30ean plazan eta gauean Drindots musika taldearekin dantzaldia. - M.A.

Últimas Noticias Multimedia