Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Beasaingo baratze sozialen zozketa egin dute

Guztira 57 lur zati egongo dira: herritarrentzat 37, Sarea fundazioarentzat 16 eta ikastetxeentzat, berriz, 4

Sábado, 30 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 06:11h

beasain- Guztira 57 lur zati izango ditu Beasaingo baratze parkeak. Herritarrentzat 37, Sarea fundazioarentzat 16 eta ikastetxeentzat, berriz, 4. Aste honetan burutu da zozketa eta herritarrei dagozkien 37 lursailen banaketa egin, eta emaitza Beasaingo Udalaren web orrian argitaratu da.

Hala, Beasaingo Udalak bereziki behar gehien duten giza kolektiboak eta interes berezikotzat har-tzen diren pertsonen taldeak izan ditu kontuan baratze sozialen proiektu berria gauzatzerakoan. Horregatik, herritarrak eta interes taldeak, non gizarte egoera ahulagoa duten pertsonak hartu dira kontutan;langabetuak, RGI har-tzaileak, irabazi asmorik gabeko elkarteak eta fundazioak, besteak beste.

Udalak “pertsonen ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko” egitasmoak gauzatuz jarraitzen duela nabarmendu dute. Bide batez, beste helburu hauek ere bete nahi dituela azaldu dute: aisialdi aktiborako topagune bat sustatzea, bizi-kalitatea eskainiko duen berdegune berri bat sortzea eta bara-tze publikoen kudeaketarako irizpideak, funtzionamendua eta lankidetza adostea.

Kutxa Ekogunearekin batera baratze publikoen erabileraren ardatz nagusiak finkatu dituzte. Hala nola, lurraren ikuskaritza eta aholkularitza, tailer praktikoak, formazioak, gomendioak eta orohar mantenurako irizpideak zehaztu dituzte. Harreman hori gauzatzeko, erabiltzaile guztiek elkarte bat osatuko dute antolakuntza eta koordinazioa errazteko. Baratzeen araudia ere udalaren web orrian kontsultatu daiteke.

Beasaingo baratze parkea, Ekogunearen Baratze parke sareko kide izango da eta nekazaritza adituen aholkularitza jasoko du. Horretaz, Kimu Bat enpresa arduratuko da.

Baratze sozialen proiektu berria aurreikusi bezala udazkenerako gauzatu dela agertu du Beasaingo Udalak. Hala ere, aurreko legealdiko proiektuarekin alderatuz zenbait aldaketa izan dituela ere jakinarazi dute. Aurrekoan, 88 baratze aurreikusita zeuden, egokia ez zen lurzoru industrialean eta aurrekontu osoa 265.431,11 eurokoa zen. Oraingo honetan, aldiz, 57 baratze izan dira eta kokalekua aldatu da lurzoru hiritarrera, Estanda lantegiaren atzealdean. Proiektuaren diseinua Ekogunek gauzatu du eta eremuaren egokitze lanen aurrekontua 42.000eurokoa izan da. Aldaketa horiekin, guztira 223.431,11 euro aurreztu dira egungo proiektuarekin erabilera eta izaera soziala indartuz. - M.A.

Herramientas de Contenido