Oarsoarrak komunitatea aurkeztu da

Euskararen erabilerarekiko konpromisoa hartzen duten herritarren argazkiekin mosaiko bat osatuko da

Sábado, 30 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 06:11h

Errenteria- Eskualdeko herrigin-tzako eragileen laguntzarekin, Oarsoarrak Euskarazko Komunitatea ekimena jarri du abian aste honetan Oarsoaldeko Euskara Batzordeak.

Errenteriak, Lezok, Oiartzunek eta Pasaiak osatzen duten eskualdean euskaraz biziko den, euskararen aldeko apustua egingo duten gizon-emakumeen komunitatea sortzea eta saretzea du helburu ekimenak. Bakoitzak bere errealitatetik eta ahalmenetatik euskararen aldeko konpromisoa hartzea bilatzen du.

Ekimenaren leloa Bat eta bat ez gara bi da. Ekimen honek komunitatera atxikimendua ematen duen norbanako bakoitzak beste bat erakartzea bilatzen du. Edonor izan daiteke Oarsoarrak komunitateko kide. Egin behar den gauza bakarra ida-tzizko konpromiso bat adieraztea da, bakoitzak nahi duena.

Komunitatearekin bat egiteko www.oarsoarrak.eus/batetabat webgunea erabili behar da. Webgunean aurkitzen den formulario txiki bat bete beharko da (laukitxo gorria) eta nork bere argazkia eta euskara noiz eta non erabiliko duen konpromisoa adierazten duen esaldia bidali beharko ditu.

Argazki guzti horiekin mosaiko erraldoi bat osatuko da. Behin argazkiak igotzean, automatikoki gehituko zaizkio argazkien mosaikoari.

Gainera, webgunean termometro bat jarriko da eta bertan adieraziko da, une oro, atxikimendu kopurua nola doan, eta tartean sariak zozketatuko dira.

Izena ematen duenak, beste pertsona bat edo batzuk ere gonbidatu ahalko ditu. Beraz, lagunen e-postak gehitzeko aukera ere egongo da. Lagunek gonbidapen mezua jasoko dute.

Hemendik aurrera, beraz, nahi duen guztiak egin ahal izango du euskararen aldeko bere apustua eta argazkia igo komunitatearen mosaikora. - A.M.