Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Erripan gora

“Katalunya badoaye”

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 1 de Octubre de 2017 - Actualizado a las 06:10h

Galería Noticia

Hemen ere jendea ekialdeari begira, Kataluniako ur handi haietan zer gertatuko ote den zain, Argako ur lasaia Magdalenan barna mantso-mantso doan bitartean. “Ur hau Mediterraneora iritsi orduko, Katalunia joana izanen ote da?” galdetu du adin erdiko emakume batek, eta galdera hantxe gelditu da airean zintzilik, piper gorri erreen usainak bazterrak oro hartuak dituen honetan. Izan ere, etengabea da jende emaria piperren bila. Eta ez dira gutxi gero izadiak ematen dituen fruituen eske doazen gizaseme adinekoak, bide bazterreko intxaurrondoetako fruituak kosta ahala kosta hartu nahian, onduak ez badaude ere. Erne ibili behar da, ohol puska handiak eta harriak botatzen baitituzte adarretarantz edo, bertzenaz, haga luze bat hartu eta hantxe aritzen dira zinpi-zanpa, intxaurrak kolkoratu nahian. Adar gaixoak ederki zafratuak gelditzen dira, ia biluzik. Mugimendu horren lekuko, bake santuan daude pareko belai zabalean Goñi etxeko zaldi, behor, behoka eta zaldikoak. Zorionez, oraindik ez zaio bururatu ezein zinegotziri abeltzaintza interpretatzeko zentrorik edo gisakorik egitea. Inguruko baratzezain txikiak ere bare, uda partean haserre bizian ibili ondoren, udalak atzera egin baitu, baratzezainen eskaera aintzat hartuz, eta oraingoz, ez da trafiko aldaketarik izanen baratzeetara joateko errepide txiki horietan. “Zuen boto-emaileak gara” erran zieten udal aginte taldeko zinegotziei. Bitartean, Argako ura bere bidean, eta ezin erantzun arestiko galderari. Katedralaren parean jaiotako Jose Agerre jaunak honela idatzi zuen duela 80 urte baino gehiago: “Katalunya badoaye. Gu euzkotarrok begira egon behar dugu aste honetan ea zer gertatzen den. Gure araudia pastuko da, Katalunyakoa pasten bada. Hareri emanen zaiona guri ere emanen zaigu, eskatzen baldin badugu, harek eskatu duen bezala”.

Herramientas de Contenido