Harkaitz Canok eta Lou Topetek ingelesezko kantuen euskararako moldaketak hizpide dituen hitzaldia eskainiko dute

Hamar kanta euskarara itzuli dituzte eta “Abesti bat gutxiago” disko-liburua argitaratu dute

D.D. - 2017(e)ko urriaren 2a, astelehena - 12:12etan eguneratua

Rafa Rueda, Oier Aranzabal eta Harkaitz Cano.

Rafa Rueda, Oier Aranzabal eta Harkaitz Cano.

Galería Noticia

Rafa Rueda, Oier Aranzabal eta Harkaitz Cano.

Arriaga Antzokiak eta Bilboko Udaleko Euskara Sailak bultzatutako “Literatura eta Musika Euskaraz” zikloa Arriagako foyerrera itzuliko da asteazkenean, urriaren 4ean, arratsaldeko 20:00etan. Sasoiko aurreneko emanaldia Harkaitz Cano idazleak eta Oier Aranzabal eta Rafa Rueda musikariek partekatuko duten hitzaldi musikatua izango da.

Harkaitz Cano idazleak eta Lou Topet bandak Estatu Batuetako abeslarien 10 kanta euskarara itzuli dituzte eta “Abesti bat gutxiago” disko-liburua argitaratu dute, Rafa Rueda eta Joserra Senperena bezalako musikariekin batera. Diskoak honakoen kantak biltzen ditu: Wilco, John Hiatt, Will Oldham, Damien Jurado eta Billy Bragg, besteak beste, eta liburuan Canok entsegu labur bat idatzi du konposizioari buruz. Horretan, hainbat gai aztertu ditu idazleak, hala nola orijinaltasuna, hizkuntzaren ezaugarriak eta itzulpena edota letren sorrera.

Harkaitz Canok horri buruz hitz egingo du Abesti bat gutxiago izenburuko hitzaldian eta masterclass bat eskainiko du Oier Aranzabal (Lou Topet taldeko abeslaria) eta Rafa Rueda (gitarjolea eta taldearen kolaboratzailea) lagun dituela. Hiruren artean hurrengo galderei erantzuten saiatuko dira: Nola egin bertsio bat? Nola itzuli abesti bat euskarara bidean galdu gabe? Zein ezaugarri ditu ingelesak? Eta euskarak?