Autobus lineetako murrizketen aurka

Usurbilgo Udalak hilaren 9ra arte udaletxean herritarren eskura jarriko ditu alegazio-orriak erabakia salatzeko

Martes, 3 de Octubre de 2017 - Actualizado a las 06:11h

Usurbil- Gipuzkoako Aldundiak Tolosan, N-I-ean, Buruntzaldean eta Donostiako garraio publikoko loturetan egingo dituen moldaketetan “Usurbilentzako murrizketa larriak” egingo dituela salatu du Usurbilgo Udalak. Hori dela eta, inguruetako hainbat alkaterekin batera, Aldundiari bilera eskatu dio “ehundaka herritarri egingo dizkieten kalteak berraztertu ditzan”, Xabier Arregi alkatearen arabera.

Izan ere, Lurraldebusek eskain-tzen duen Usurbil-Ospitaleak linea guztiz desagertaraziko da. Horrez gain, Usurbil-Hernani linean Zubietako, eta, horrenbestez, Santueneko geltokiak ere desagertuko dira. Linea hori, esaterako, Zubietan zein Santuenean bizi diren gazteek erabiltzen dute Lasarteko institutura joateko. Beraz, murrizketa hauek batez ere gazte eta adinduei eragingo dietela salatu du.

Egoera horri aurre egiteko, hainbat Udalek urgentziazko bilera eskatu diote Aldundiari. Usurbilgo Udalak, gainera, herritarren eskura jarri du alegazioak egiteko aukera. Urriaren 9a bitartean, hala nahi duenak udaletxean eskuragarri izango ditu alegazio-orriak. - A.M.