Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Ines Argarate, Aitor Mantxola eta Pedro Gabiria Gipuzkoako artzain gazta lehiaketako irabazleak

“Makatzako gazta fuerte samarra da, etxeko gatzagia erabiltzen baitugu”

Makatza baserrikoek Gipuzkoako gazta lehiaketa irabazi dute. Aitor Mantxolak Pedro Gabiria eta Ines Argarateri aita-amaginarrebei lekukoa hartu die

Asier Zaldua - Martes, 3 de Octubre de 2017 - Actualizado a las 06:11h

Ines Argate, Aitor Mantxola eta Pedro Gabiria.

Ines Argate, Aitor Mantxola eta Pedro Gabiria. (Asier Zaldua)

Galería Noticia

  • Ines Argate, Aitor Mantxola eta Pedro Gabiria.

Legazpi- Aitor, nola bukatu duzu artzain lanean?

-Aitor Mantxola (A.M.): Arrasaten elektronika ikasi nuen eta ondoren Ulma enpresan lan egin nuen, diseinu elektrikoa egiten. Gustuko lana nuen, baina aitaginarreba operatu egin zuten eta baserrian lanean hasi nintzen. Probatzea erabaki nuen eta aukeren artean baserrian gelditzea zegoen. Izan ere, lanean apur bat erreta nengoen. Baserriko lana gustatu egin zitzadan eta, hala, hemen gelditzea erabaki nuen.

Baserrikoa zarenez, ez zitzaizun zaila egingo.

-A.M.: Ardiekin ibili gabea nintzen, baina beste lan batzuk ezagutzen nituen. Baserrikoa izateak lagundu egiten du, baina egia esan, gaztetan baserriko lanak ez nituen oso gustuko. Makatzan lan egitea erabaki nuenean, Artzain Eskolara joan nin-tzen. Baserriko lanak edonork egin ditzake.

Zergatik gustatu zitzaizun artzain lana?

-A.M.: Fabrikan presa handiarekin lan egiten da. Hemen lan gehiago dago, baina beste erritmo batera lan egiten da. Gainera, norberak antolatzen du bere lana. Hori bai, zerotik ez nintzateke hasiko.

Makatzan zenbat urte daramatzazue gaztak egiten?

-Pedro Gabiria (P.G.): Gure artegia Gipuzkoako lehenengotakoa da. Gabiriako Baztarrikakoek eta Legazpiko Erreizabalekoek gurekin batera egin zuten. Iparraldera joan ginen artegia nola egin ikustera.

Aitor Artzain Eskolara joan zen, baina lehen pausoak zuekin eman zituen. Ikasle ona izan al zen?

-P.G.: Bai, baina hau ez da egun batean ikasten.

Aurtengo Artzain Egunean Gipuzkoako artzain gazta txapelketa irabazi duzue. Ilusio handia egin al dizue?

-P.G.: World Cheese Awards txapelketan domina asko lortu ditugu, baina honek askoz ere ilusio handiagoa egin digu. Alde batetik, herrian bertan irabazi dugulako. Bestetik, askoz ere oihartzun handiagoa duelako. Txapelketa garrantzitsuena Ordiziakoa da eta han finalean sartu ginen.

-A.M.: Niri ere ilusio handia egin dit. Dena den, gazta Inesek egin zuela esan beharra dut.

Fin zabiltzate...

-P.G.: Gure gaztak ospe handia eduki du beti, baina sariak lortzea oso zaila da. Guk gazta fuerte samarra egiten dugu, etxeko gatzagia erabiltzen baitugu. Beste askok gazta suabeagoa egiten dute. Gainera, dastatzaileak ez dira jainkoak. Batzuei ez zaie pikantea gustatzen, beste batzuei bai, egun ketua gehiago puntuatzen dute... Aurten lehiaketetara ketutako gaztak eraman ditugu eta aurreko urteetan baino puntu gehiago lortu ditugu. Ni ez naiz gazta ketzearen aldekoa, gustua kentzen baitio.

Aitorrek zuen lekukoa hartuko zuela esan zizuenean, poz ederra hartuko zenuten.

-P.M.: Hala da. Azken 30 urteetan gu biok arduratu gara denataz, baina zahartzen ari gara. Aitorrek lekukoa hartuko zuela esan aurretik, etsita geunden. Makatzan gazta egiteari utziko zitzaiola uste genuen. Izan ere, kanpoko jendea ekartzeak gehienetan ez du funtzionatzen. Bi alaba ditugu: batak Aitor ekarri du etxera eta bestearen bikotea artzainen semea da. Eulatekoa da eta bere aitak, Felipe Agirrek, Nafarroako txapelketa irabazi du aurten.

Gaztaz gain, zer gehiago egiten duzue?

-A.M.: Ogia, madalenak eta menbriloa ere saltzen ditugu, inguruko baserrietako produktuekin batera. Legazpiko eta Zumarragako azoketara joaten gara, ostiraletan eta larunbatetan. Gazta bakarrik eramaten baduzu, mahaia eskas geldi-tzen da.

Ines, zu Soraluzekoa zara. Han ere gazta egiten al zenuten?

-Ines Argarate (I.A.).: Soraluzeko Egotza baserrikoa naiz. Bost behi eta 60 bat ardi genituen eta guk ere gazta egiten genuen. Dena den, nik fabrikan egiten nuen lan.

Gazta egiteko modua asko aldatu da.

-I.A.: Gazta oso modu ezberdinean egiten zen. Ardi gutxiago genituen, ardiek esne gutxiago ematen zuten, eta egunean bi edo hiru gazta egiten genituen. Egun, 30 bat egiten ditugu. Ni hona etorri nintzenean, esne asko saldu egiten genuen. Artegi berria egin genuenean hasi ginen gazta serio egiten.

Zein da gazta onaren sekretua?

-I.A.: Gaztak ez du sekretu handirik. esne ona erabili behar da eta horretarako ardiak ondo zaindu behar dira. Bestalde, garbitasuna, tenperatura eta denbora kontuan izan behar dira.

Urrutira etorri zinen senar bila.

-I.A.: Urretxuko Golden dantzalekuan ezagutu genuen elkar.

Legazpin ondo hartu al zintuzten?

-I.A.: Erabat Legazpiartua nago. Oso ondo hartu ninduten. Ilusioarekin etorri nintzen, alabak hemen jaio ziren... Gainera, gaur egun Soraluzera berehala iristen naiz.


Gipuzkoatzen


Gipuzkoako txoko bat.P.G.: Legazpi. A.M.: Arrolamendi. I.A.: Soraluze. Bertakoa naiz.

Festa edo kultur ekitaldi bat. A.M.: Artzain Eguna. P.G.: Nik ere Artzain Eguna esango dut. I.A.: San Inazio eguneko Urbiako festa.

Paisaia bat. P.G: Larraitz. A.M.: Otaño. I.A.: Urbia, Aizkorritik.

Mendi bat. P.G.: Aralar eta Urbia. A.M.: Aizkorri. I.A.: Karakate.


Herramientas de Contenido