Bihar ekingo dio denboraldi berriari Ibarra Martxan-ek

Hasiera berezia antolatu dute ikastolako haurrekin eta Bizi-Nahi elkartearekin batera, 11.00etan, Emeterio Arresen

Miércoles, 4 de Octubre de 2017 - Actualizado a las 06:11h

Ibarra- Bihar itzuliko da Ibarra Martxan egitasmoa herriko kaleetara. Parte hartzea, osasuna eta kaleko harremanak helburu dituen egitasmoak arrakasta handia izan du orain arte, aurreko urteetan bezala, ostegunero, eragile desberdinen laguntzaz adinekoek paseatzeko aukera izango dute. Ikasturteko lehenengo hitzordua bihar izango da, beraz, 11.00etan Emeterio Arreseko frontoian.

Aurtengo ikasturterako, boluntario lanetan arituko diren eragileak mantendu egingo dira: Uzturpe Ikastola, Merkatarien elkartea, Bizi-Nahi, Garagune, Ilarki, San Bartolome parrokiako gaixoen pastorala eta Ibarrako osasun etxea, norbanakoekin batera.

Denboraldi berriko lehen hitzorduan belaunaldien arteko topaketa egingo dute. Hala, Emeterio Arreseko frontoia Uzturpe Ikastolako bi urtekoen eraikina gertu dagoenez, ikasle eta irakasleak gonbidatu dituzte hasiera ekimenera gertura-tzera. Eta hasiera eguna borobiltzeko, Bizi-Nahi elkartearen jai hasiera izanik, harrera eta mokadutxoa eskainiko diete gerturatutakoei.

Ikasturte berrirako dagoeneko proposamenak lantzen hasi dira. Beti bezala, erizain baten laguntza izango da ostegunero eta ikastaroei dagokienez, lehen laguntzei buruzkoa eta adinekoentzat bide-segurtasunari buruzkoa antolatuko da. Era berean, kantu-liburuxka bat egin nahi dute abestea oso gustuko dutelako parte-hartzaileek eta San Ignazioko ariketa-aparatuen erabilera ikasteko jarduera bat ere antolatu nahi dute. - M.S.S.

Últimas Noticias Multimedia